EAE-ko aurrekontuak

Azpiazuk dio Kataluniako egoerak ez duela zertan aurrekontuetan eraginik izan

Eusko Jaurlaritzak 2018ko aurrekontu proiektuaren negoziazioak hasi ditu gaur. Adosguneak bilatzeko bilera bana egin du EH Bildurekin, Elkarrekin Podemosekin eta PPrekin.

Pedro Azpiazu Ekonomia sailburua, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI RPRESS
edurne begiristain
2017ko urriaren 27a
13:13
Entzun

Datorren urteko aurrekontuak onartzeko babes bila hasi da gaur Eusko Jaurlaritza. Goizean egin ditu lehen bilerak EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPrekin. Talde baten abstentzioa edo aldeko boto bat behar ditu Jaurlaritzak 2018ko kontuak aurrera ateratzeko. Aurtengoak PPren eskutik atera zituen aurrera, baina Kataluniako egoerak kolokan jarri du babes hori.

Gaurko bilera erronda amaituta, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak agerraldia egin du legebiltzarreko prentsa aretoan. Azpiazuk eskertu egin die oposizioko taldeei negoziatzen jarraitzeko agertutako prestutasuna, eta behin eta berriro azpimarratu du aurrekontuak "Euskadiri begira" egin direla. Hala, taldeei ohartarazi die arduragabekeria litzatekeela erabakiak "beste alde batera begiratuta" hartuko balituzte. Azpiazuk ez du Katalunia espresuki aipatu, baina jakina da han gertatzen ari denak eragin zuzena izango duela aurrekontuen negoziazioetan. Hori hala izanik, Azpiazuk "erantzukizunez" jokatzeko eta "heldutasun politikoa" erakusteko eskatu die oposizioko taldeei. "Euskadiko aurrekontuaz ari gara, eta espero dut bestelako eztabaidek aurrekontuak ez baldintzatzea".

Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martinezek, berriz, onartu du Kataluniako egoerak "zaildu" egiten duela aurrekontuen negoziazioa, batez ere PSEk 155. artikuluaren alde egin duelako eta Jaurlaritzako bazkidea delako. Bestalde, kritikatu du aurrekontu proiektuak ez duela enpleguaren eta industriaren aldeko "apustu garbia" egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.