AZPIEGITURAK. SAN MAMES BARRIA. San Mames babestu du Lopezek

Eusko Jaurlaritzak diruz finantzatuko du San Mames futbol zelai berria, baina 2010 arte ez da hasiko dirua jartzen, krisiagatik

Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2009ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren babesa izango du San Mames Barria egiteko proiektuak. Patxi Lopez lehendakariak eta Athleticeko presidente Fernando Garcia Makuak bilera egin zuten atzo, eta «hasierako akordioa» lortu zuten futbol zelai berria finantzatzeko. Trukean, Jaurlaritzak lortu du azken asteotan jarritako baldintza betetzea: zelai berriaren kudeaketa publikoa izango da. Orain arte, Athleticen esku egon da.

Eusko Jaurlaritzak atzo arte ez zuen San Mames Barria proiektua diruz lagunduko zuen argitu nahi izan. Krisi ekonomikoa argudiatuta, aurreragoko lanak bazituztela zioten Jaurlaritzako eledunek. Azkenean, krisiak izango du eragina Jaurlaritzaren finantzaketan. 2010etik aurrera epeka jarriko du dirua Lopezen gobernuak, kolpetik ezinezko baitzaio halako dirutzari aurre egitea -55 milioi euro eskatu dizkiote-.

Epeak atzeratu arren, 2018rako San Mames berria erabat amaituta egongo dela espero dute. Urte horretan, Munduko Futbol Txapelketa Espainiak eta Portugalek antolatuko dute, eta Athleticeko agintarien helburua da partida batzuk San Mames Barrian jokatu ahal izatea. Hautagaitza aurkeztua dute dagoeneko.

55 milioi euroko partaidetza eskatu dio Garcia Makuak Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Diru kopuru bera jarriko dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k. Athleticek, berriz, 42 milioi euro jarriko ditu proiektuan. Bilboko Udalak ez du zuzenean dirurik jarriko; lanengatiko zergak eta tasak kobratu gabe utziko ditu.

Kudeaketa ardatz

Eusko Jaurlaritzak hasieratik jarritako baldintza izan da futbol zelaiaren kudeaketaren auzia. Bere garaian, Anoeta eta Mendizorrotza egiteko dirua jarri zuen Gasteizko gobernuak, eta horixe bera egiteko eskatu zioten oraingoan ere. Kudeaketan zegoen aldea: San Mames pribatua zen, eta beste bien gehiengoa publikoa. Aldatu egin da egoera orain: San Mames Barriaren kapital gehiena publikoa izango da -Aldundia eta Jaurlaritza-, eta baita zelaiaren kudeaketa ere. Nolanahi ere, Athleticen beharrek erabakiko duten nolako erabilera izango duen.

Bestelako erabilera publikoak bultzatzearen alde lan egingo duela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Ordea, betiere San Mames Barria elkartea osatzen duten kideen artean adostasunez hartu beharko dira horrelako ekimenak egin ahal izateko erabakiak. Are, Eusko Jaurlaritzak eta Athleticek atzo lortutako «akordio hasiera» ere elkartea osatzen duten gainerako bazkideek babestu beharko dute; alegia, Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK-k eta Bilboko Udalak.

Lortutako akordioarekin futbol zelaia baino gehiago egingo dutela adierazi dute Lopezek eta Garcia Makuak. «Proiektuak berekin dakar hainbat lanpostu sortzea eta Olabeaga eta San Mames auzoak biziberritzea». Futbol zelaiak Bilbora jendea erakarriko duela ere ziur dira. «Milaka bisitari erakarriko ditu».

Basagoitiren epaia

Eusko Jaurlaritzak San Mames Barria elkartean parte hartzeko lortutako «akordio hasierak» baretu du azken asteetan Bilbo aldean sortutako eztabaida bizia. Izatez, uda hasieran sortu zen ika-mika. Ekainaren 4an, Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok eta Patxi Lopezek bilera gogorra izan zuten, Bizkaiko azpiegituren inguruan -besteak beste, bilkura hartan sortu zen Bilboko Metroaren linea berriaren finantzaketaz eztabaida-. Bilbaok 55 milioi euro eskatu zizkion Lopezi San Mames Barria egiteko. Aurrez ere eskatua zuen Bizkaiko ahaldun nagusiak Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea, EAJ agintean zela; Lopezekin bildu arte inoiz ez zuen kopurua zehaztu.

Apirilean aldatua zen proiektua, krisia gorabehera. Hasierako aurrekontua gutxitzeko helburuarekin, hirugarren harmaila egiteko proiektua bertan behera utzi zuten. Hortaz, diru, harmail eta eserleku gutxiago. 58.000 ikusle behar zituen zelai berriak; 53.000 izango dira azkenean. Aurrekontua, 183 milioi eurokoa.

Aurrekontua murrizturik ere, Jaurlaritzaren ustez dirutza gehiegizkoa zen, eta ez zen hain beharrezkoa inbertsioa. Blanca Urgell Kultura sailburuak honela esan zuen abuztuaren 30ean: «Kultura Sailak beste lehentasun batzuk ditu». Bitartean, Bilboko Udalak azkartu egin zituen lanak hasteko xehetasun azterketa, eta Jaurlaritzari so jarri ziren San Mames Barria elkarteko kideak.

Jaurlaritzak berean jarraitzen zuen, harik eta Antonio Basagoiti EAEko PPko idazkari nagusiak azken hitza eman zuen arte: «Jaurlaritzak jar dezala dirua, edo besteok jarraraziko diogu». EAEko aurrekontuak ez onartzeko mehatxua zen. Carlos Agirrek, Ekonomia sailburuak, hurrengo egunean aldatu zuen diskurtsoa: «Aurrekontuak onartzeko ezinbesteko arrazoia bada PPrentzat, hitz egin beharko da, noski». Hitz horiek egin eta astebetera zelaia finantzatzeko akordioa bideratua du Eusko Jaurlaritzak.



6

Bolueta auzoa biziberritzeko inbertsioa, milioi eurotan. Bilboko Udalak sei milioi euroko aurrekontua onartu du Bolueta auzoa biziberritzeko. Besteak beste, Udalak iragarri du auzoko hainbat kale berrituko dituela; gainera, aparkaleku bat eta parke bat egiteko asmoa dute.



3.453

Inbertsioa, eserleku bakoitzeko. Apirilean egindako aldaketak aintzat harturik, San Mames Barriko eserleku bakoitzak 3.453 euro balioko ditu. 53.000 aulki izango ditu, eta denera 183 milioi euroko aurrekontua. Hasierako planetan 58.000 eserleku aipatzen zituzten.



Bilbon gertatzen ari denarekin erne daude Donostia eta Gasteiz

San Mames Barriaren finantzaketan Eusko Jaurlaritzak izango duen esku-hartzea zorrotz ari dira zaintzen Donostian eta Gasteizen. Donostiako alkate Odon Elorzak (PSE-EE) adierazi du «begi bazterretik begira» arituko direla Bilbon gertatzen denaz. Haren ustez, «hirigintza iruzurra» ari dira egiten.

Gasteizen, Buesa Arena handitu nahian ari dira aspaldian, eta, San Mames Barria bezala, Eusko Jaurlaritzak hura ere finantzatuko duen itxaropena azaldu du Baskoniako presidente Josean Kerejetak. Haren arabera, saskibaloi taldea «erreferente» da Araban. 15.000 eserleku gehiago jartzeko proiektuak 24 milioi euroko aurrekontua du. Hilabete barru aurkeztuko dute jendaurrean.



Miribillako frontoian geratuta daude lanak, Afer auziagatik

San Mames Barriaz gainera, kirol azpiegitura gehiago ari dira arazoak sortzen Bilbon. Miribillako pilotalekua egiteko lanak, esaterako, geratuta daude. 2007ko irailean hasi ziren eraikitzen, baina Bizkaiko Foru Aldundiak kontratua eten zion eraikitzaileari, Afer taldeko Fonorteri. Iruzurragatik, auzitan da enpresa.



Urte eta erdiko atzerapenez ari dira Kirol jauregia egiten

Pilotalekua bezala, Miribilla auzoan ari dira eraikitzen Kirol jauregia ere; Casilla kiroldegiaren ordezko izateko proiektua da. 2007ko irailean hasi ziren lanak, baina urte eta erdiko atzerapena dute dagoeneko. Lurretan lindanoa azaldu zen, eta eraikuntza egiteko zimenduak berriz jarri behar izan zituzten.



San Mames Barria egiteko proiektuak desadostasun ugari izan ditu, dirua eta proiektuaren izaera direla tarteko. Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak oztopoak jarri dituzte bidean.

Sei urtean jokoz kanpo

G. Goikoetxea. Bilbo

Atzera eta aurrera asko izan ditu San Mames Barria egiteko proiektuak. Athleticen barruan izandako aldaketek -lau presidentek kudeatu behar izan dute zelai berriaren egitasmoa- eta erakundeekin izandako desadostasunek aldarazi egin dituzte proiektua bera eta hura gauzatzeko epeak.

Azken asteetan Eusko Jaurlaritzarekin izandako ika-mika ez da proiektuaren historian izandako bakarra, ezta sona handienekoa ere. Bilboko Udalarekin berarekin ere eztabaida handia izan zuen Athleticeko zuzendaritzak, 2003 aldera, Inazio Ugartetxe presidente zela. Azkunak 41.500 metro koadroko lur eremua eskaini zion Ugartetxeri zelai berria egiteko; hark, ordea, 50.000 baino gehiago nahi zituen, zelaiarekin batera dendak eta aisialdirako guneak jartzeko. Etxebizitzak egitea ere aipatu zen. Bilboko Udalak ezezkoa eman zion Ugartetxeren eskaerari. Unibertsitatea nahi zuen han Azkunak, eta, bien arteko desadostasun handiak tarteko, negoziazioak apurtu egin ziren. 2003ko iraila zen.

Jarduneko presidentea zen Ugartetxe-karguan zela hil zenJavier Uria, eta haren ordez zegoen-, eta 2004ko ekainean dimisioa eman zuen, zuzendaritza talde osoarekin batera. Irailerako egin zuten hauteskundeetarako deia, eta Fernando Lamikiz izan zen garaile. Presidente aldaketa eta jarrera aldaketa bat izan ziren. Bilboko Udalaren baldintzak onartu zituen zuzendaritza berriak.

Bitartean, prozedurak aurrera jarraitu zuen, eta Basurtu auzorako biziberritze plana aurkeztu zuen Bilboko Udalak 2006ko apirilean. San Mames Barria egiteko, 39.000 metro koadro gorde zituen -alegia, Ugartetxeri eskainitakoak baino 2.500 gutxiago-. Planak eginda, 2006ko abenduaren 28an hasi ziren Erakustazoka zaharra eraisten.

Elkartearen sorrera

Hori guztia gertatu bitartean, ordea, beste dimisio bat izan zen Athleticen: Lamikiz presidenteak kargua utzi zuen, eta ordura arteko presidenteorde Ana Urkijo jarri zen taldeko buru. Aurreko taldekoa izaki, zuzendaritzaren jarrera ez zen aldatu futbol zelai berriari dagokionez. Hain zuzen, Urkijo taldeko buru zela aurkeztu zuten proiektuari bide emango zion San Mames Barria elkartea. Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK-k eta Athleticek osatu zuten taldea, eta haren helburua da futbol zelai berria finantzatzea. Bilboko Udalak begi onez ikusi zuen elkartea sortzea. 2007ko urtarrilaren 17a zen.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak bai, baina Eusko Jaurlaritzak ez zuen proiektua babesteko asmorik azaldu. Ez, behintzat, iragarritako baldintzetan. PSE-EEko gobernuak orain arte izandako diskurtso bera zuen garai hartan EAJrenak: erabilera publikorik ezean, dirurik ez. «Futbol zelai soila izatera mugatzen bada, ez ditu beteko Jaurlaritzak beste herrialdeetako zelaiei ezarritako baldintzak». Miren Azkarate Kultura sailburuaren hitzak dira, Donostiako Anoeta eta Gasteizko Mendizorrotza futbol zelaien eta San Mames Barriaren kasuak alderatzen dituztenak. Kudeaketa publikoa zuten haiek.

Jaurlaritzaren babesik izan ez arren, proiektua mamituz joan zen. San Mames Barria elkartearen estatutuak onartu, eta zelai berriaren maketa jendaurrean aurkeztu zuten 2007ko martxoan. Adostu zuten zelaiaren kudeaketa eta erabilera Athleticena izango zela oso-osorik. Orain, Lopezen eskakizunarekin, gestio publikoa izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.