Azpikolako harrobia berriro irekitzeko lanak eten ditu Andoaingo Udalak (Gipuzkoa). Aurretik zegoen PSE-EEko udal gobernuak Azpikola 2004 SL enpresari emandako baimenean «irregulartasunak» atzeman ditu, eta indarrean zegoen obra baimena indargabetu du, kautelazko neurri moduan. Baimena AHT abiadura handiko trenari lotutako lanak hasteko zela gogorarazi du Bilduko udal gobernuak, baina hori egiteko jardun baimenik ez zuela jakinarazi du ohar baten bitartez. Baimen horrekin «zer gertatzen den ikusi arte» harrobia berriro irekitzeko lanak gelditu beharko ditu enpresak.
Erabakia hartzeko oinarri gisa EAEko Ingurumena Babesteko Lege Orokorra eta Lurzoruaren eta Hirigintzari Buruzko Legea erabili ditu udalak. Hala, enpresak obra baimena jaso aurretik aktibitate baimena izan behar du, lege horien arabera, eta Azpikolako harrobian ez zen hori gertatu. Harrobia berriro ustiatzeko baimena atzeratzeko neurri hartzeko, EAJren babesa lortu du udalak, ekimenak izapide guztiak gaindi ditzan.
Azpikolakoa irekiz gero Andoaingo udalerriko hirugarren harrobia litzatekeela gogorarazi du udalak, eta iaz arte babestu beharreko landagunetzat jo zen eremu batean dagoela gaineratu du. Horrez gain, Azpikolako eremua tokiko espezieetan «oso aberatsa» dela nabarmendu du, eta lur azpiko akuiferoak direla-eta interes berezikoa den inguru batean dagoela.
Eztabaida sozialaren alde
PSE-EEko udal gobernuaren eta PPren jokabidea kritikatu du, izandako jokabidea dela eta. «Andoaindarren bizkar aritu dira denbora honetan guztian; herritarren borondatea ez dutela errespetatu ere esan genezake». Hauteskundeetako programan aurreratu bezala, egunerokotasuna baldintzatzen duten erabakietan eztabaida soziala egiteak garrantzia duela gaineratu du. Bide batez, udaleko gainontzeko taldeei «herritarren interes orokorren mesederako» diren egitasmoen alde egiteko eskatu die.
Azpikolako harrobiko lanak atzeratu dituzte, baimen guztiak dituen arte
Andoaingo Udalak «irregulartasunak» sumatu ditu prozesuan, eta aurreko gobernuaren jokabidea kritikatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu