EUSKARA

B2 mailako azterketa gainditzen duten euskara ikasleei ikastaroaren dirua itzuliko diete

A1, A2 eta B1 mailetan nahikoa izango da euskaltegien bidez maila egiaztatzea. %75eko asistentzia bermatu beharko dute maila guztietan.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburua, euskaltegi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 12a
15:50
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako HABEko euskaltegietan, B2 mailara arte euskara ikasten ari diren ikasleek ikastaroa doan egin ahal izango dute Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta Eudel Euskal Udalen Elkarteak lortutako akordioaren ondorioz. Diru laguntzak eskuratu ahal izateko, B2 mailako ikasleek maila horretako azterketa gainditu beharko dute. A1, A2 eta B1 mailetako ikasleen kasuan, azterketa bat gainditu beharrean, nahikoa izango da euskaltegiek beraiek egiaztatzea maila gainditzeko moduan daudela. Maila guztietakoek %75eko asistentzia bermatu beharko dute. Aurtengo irailetik aurrera, ordea, B2 mailako ikasleentzat ere nahikoa izango da euskaltegiek beraiek egiaztatzea haien gaitasuna.

Prozesuari dagokionez, aurtengo urtarriletik irailera arte A1, A2, B1 edo B2 maila gainditzen dutenek abenduan jasoko dute diru laguntza. Ia lau milioi euroko aurrekontua adostu dute instituzioek egitasmorako. Jaurlaritzak hiru milioi euroko ekarpena egingo du —2018an baino 1,2 milioi euro gehiago, Jaurlaritzaren beraren arabera—, Arabako Diputazioak 185.000 eurokoa, Bizkaikoak 480.000 eurokoa, Gipuzkoakoak 42.000 eurokoa eta Eudelek 221.000 eurokoa.

Prentsaren aurrean egindako agerraldian erakundeek jakinarazi dutenez, C1 eta C2 mailako ikasleei ere diru laguntzak emango dizkiete, «baina kasu horietan ezingo da erabateko doakotasuna bermatu». Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburuak adierazi duenez, «euskararen ezagutza sustatzen eta indartzen» jarraitu behar da. Diru laguntzen sistemari dagokionez esan du horrek «ikasleen konpromisoarekin» lotuta egon behar duela. «Euskaltegietara joatea eta ikasteko prozesuan aurrera egitea eskatuko zaie».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.