Azken zazpi egunetan, positibo berrien kopuruak behera egin du. Apirilaren 8an, 555 positibo berri atzeman zituzten, eta gaur, 265 —bezperan baino 104 gutxiago—. Martxoaren 26an zenbatu zen egun batean izandako positibo berrien kopururik handiena (896). Konfinamendua hasi eta hilabete beranduago, gaurko datuarekin, martxoaren 19ko datua (308) hobetzea lortu da. Biziki azkar zabaldu zena mantso ari da apaltzen.
Hildakoen kopuruak, berriz, gora egin du. Beste 38 hildako gehiago zenbatu dituzte azken 24 orduetan, bezperan baino lau gehiago. Araban bat gehiago, Bizkaian bi gehiago, Gipuzkoan bi gutxiago eta Nafarroan hiru gehiago. Guztira, 1.110 pertsona hil dira Euskal Herrian koronabirusaren ondorioz gaixotuta. Ospitaleratuen kopuruak beheraka jarraitzen du, baina pixkanaka. Gaur 21 gutxiago atzo baino, eta ZIUn 4 gutxiago.
Industria arloan lau langiletik bat lanera itzuli da gaur goizean. Erainkuntza arloan, zati handi bat itzuli da, obra publikoen sektorean bereziki. Babes neurriak eta segurtasun protokoloak izan dira itzuleraren protagonistak. Kasuren batean, Siemens Gamesan, lanera ez, baizik eta grebara itzuli dira erreleboko langileak.
Nazioarteko Diru Funtsak iragarpen ekonomiko ezkorrak egin ditu 2020. eta 2021. urteei begira. Aurten, munduko barne produktu gordina %3 txikituko da. Espainiako BPGak, berriz, % 8 egingo du atzera 2020an, eta %4,3 gora 2021ean. Frantzian, aurten %7 behera, eta datorren urtean %4,5 gora.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren zabalpena herri herri eta osasun eremuka
ZUZENEKOA: Gertatu ahala kontatutakoa
Agian honek ere merezi du
Basoa etxean. 'Etxeko leihotik' saioko bideo elkarrizketan, Fraisoro eskolako basogintza graduko lehen mailako ikasleekin eta irakasleekin bildu da Maider Galardi kazetaria. Haien konfinamendu esperientzia azaldu dute: nola ordezkatu behar izan duten basoa etxearekin eta saio praktikoak sarean egindako lan teorikoekin. Egoera berrira egokitu behar izan dute, baina guztiek nahi dute Zizurkilgo eskolara eta basora itzuli ahalik eta azkarren.
Giro eraikitzailea. Nafarroako Gobernuak aurkeztutako dekretu eta lege proiektuak aho batez onartu dituzte talde guztiek parlamentuan. Giro eraikitzaile horri erreparatu dio Joxerra Senar kazetariak, eta osasun krisiak azaleratu dituen arazoei eta etorkizunari buruz galdekatu ditu zenbait taldetako bozeramaileak.
Erditzea koronabirusaren garaian. Azkenaldiko osasun krisirik larrienak haurdun harrapatu ditu ehunka emakume, eta horietako batzuk, erditzear. Egoera horretara hurbildu da Maite Asensio kazetaria, zenbait lekukotasun interesgarri bilduz.