Koronabirusa. Nafarroako egoera

Indarrak batzeko garai berezia

Nafarroako Parlamentuan gobernuak aurkeztutako dekretu eta lege proiektuak aho batez onartu dituzte talde guztiek. Erantzukizunaren garaia da, nahiz eta kritika eraikitzailea egiteko tartea egon. Osasun krisiak azaleratu dituen arazoak eta aurrera begirako egoera aztertu dute.

Nafarroako Parlamentua, apirilaren 3ko saioan. Eledunek soilik parte hartu zuten. NAFARROAKO PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Paradoxa ugari sortu ditu egungo egoerak. 120 nanometroko birus ñimiño batek mundua dar-dar batean utzi du. Kaosaren teoria gorpuztu egin da hiru hilabete eskasean. Denbora izoztu egin da, aurreko bizimoduaren erritmoa eta sistema ekonomikoaren abiadura tupustean geratu baitira. Baina, aldi berean, historia azeleratu egin da. Dena ez da berdina izango. Edo hori dirudi behintzat. Nafarroan, beste toki askotan bezala, betiko eztabaida politikoak alboratu dituzte alderdiek, eta, eginahal guztiak egoeraren larritasunari erantzutera bideratu dituen gobernuarekin batera, indarrak batu dituzte garai berezi honetan. Ñabardurekin, jakina.

BALORAZIO OROKORRA

Koldo Martinez Geroa Baiko senatariak gogora ekarri duenez. OME Osasunaren Mundu Erakundeak 2011tik 2018ra bitartean, 172 herrialdetan, 1.483 kasu epidemikoren jarraipena egin du: «Bagenekien edozein unetan halako pandemia bat agertuko zela, baina inor ez geunden prestatuta horri aurre egiteko, ez gobernuak, ez alderdiak, ez osasun sistema, ez eta gizartea bera ere». Hori da beste paradoxetako bat, beraz. Mendebaldeko herrialdeek ez zuten benetan sinetsi pandemia baten arrisku erreala zegoela.

Behin eztanda egin duenetik «ezohiko egoera» da, Ezkerrako Marisa de Simonentzat. Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarezen ustez, «inork ez du egin beharrekoaren gidoi finkorik». Aznarezen arabera, oraindik ere ondorioak ateratzeko goiz bada ere, agerian geratu da «premiazkoa» dela hornikuntza propioa izatea, osasungintzako langileek ekipamendu eta material beharrik izan ez dezaten, eta gizarteak berak babes neurriak izan ditzan.

EH Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, osasun krisiak agerian utzi du egungo sistemak lehentasuna ematen diola ekonomiari, «eta ez zaintzari». Horren adierazle da zahar etxeetako egoera larria: «Gehienak pribatizatuta daude. Sistema publikotik at dagoen guztia askoz ere zailagoa da bai jarraipenerako, bai behar diren neurriak hartzeko, beste interes ekonomiko batzuk daudelako tartean». Horrez gain, Ruizen ustez, «Nafarroako Gobernua Espainiakoak hartutako erabakien atzetik ibili da, behar baino motelago».

Javier Esparza Navarra Sumako eledunak ere «funtsezkotzat» jotzen du gobernuak gertaerei aurrea hartzeko gaitasuna izatea eta herritarrei konfiantza ematea. «Halere, ikusten dugu, modu iraunkor batean, sortzen diren nondik norako guztien atzetik doala», kritikatu du.

POLITIKAREN ROLA

Iragan asteazkenean, Donald Trump AEBetako presidenteari erantzunez, Tedros Adhanom OMEko presidenteak afera ez politizatzeko eskatu zien munduko politikariei: «Zuen arteko diferentziei etekina ateratzen die birusak». Alderdiak jabetzen dira erantzukizunaren garaia dela, eta parlamentutik pasatu diren dekretu eta lege proiektu guztiak aho batez onartu dituzte. Halere, non geratzen da kritikarako esparrua?

Ramon Alzorriz PSNko eledunak azpimarratu du ez dela horretarako garaia. Urtarrilean lehen abisua eman ostean, otsailaren 25ean, OMEk pandemia baterako prestatzeko eskatu zien gobernuei. Ohar horiek zergatik kontuan ez ziren hartu galdetutakoan, Alzorrizek gogorarazi du parlamentuan ezein alderdik ez zuela ekinbiderik erregistratu egun haietan. «Lehentasuna orain osasun arloko erronkari aurre egitea da, gaixo kopuruak goia jo ostean behera egin dezan. Gero izango dugu denbora eztabaidatzeko eta gestio politikoa aztertzeko».

Bat datoz Ainhoa Aznarez eta Marisa de Simon: ez da horretarako garaia. «Lagundu egin behar da, eta proposatzeko jarrera izan. Neurriren bat hobetzeko, kritika egin daiteke, baina akats bat da oportunismoz jokatu nahi izatea», esan du De Simonek. Nahiz eta gobernuko bazkide izan, Geroa Baik leporatu izan dio Txibiteri «Espainiako Gobernuaren menpe» ibili dela, eta Martinezek uste du horrek jarrera aldatzeko balio izan diola. Navarra Sumak eta EH Bilduk uste dute kritika eraikitzailea egin daitekeela. Javier Esparzaren ustez, horrek ez du zertan leialtasuna hautsi. Bakartxo Ruizen arabera, gobernuari dagokio lidergoa hartzea, baina alderdien betebeharra da proposamenak egitea.

AHULGUNE / INDARGUNEAK

Egungo egoeraren indarguneen artean, parlamentari gehienek nabarmendu dute osasun sistema publikoaren garrantzia eta hura indartzeko beharra. 2015 aurreko murrizketek eragina izan badute ere, beste erkidego zein herrialde batzuekin alderatuta, «ez dago hain ahuldua», Marisa de Simonen arabera; eta profesional guztien lana goraipatu du: «Sendotasuna erakusten ari dira». Esparzak arlo publikoak eta pribatuak osatutako «azpiegitura sendoari» eman dio balioa.

Alzorrizek, berriz, azpimarratu du Maria Txibiteren gobernuak bere jardueraren iparrorratz gisa jarri duela osasun krisiaren ondorioz inor ez dadila atzean geratu: autonomoentzako eta enpresa txikientzako neurriez gain, gizarteko sektore ahulenentzako laguntzak ezarri ditu. «Onartutako legeetan badago nahia, eta apustua egin da okerren daudenek ziurtasun batzuk izan ditzaten», onartu du Ruizek, eta gaineratu du bide luzea geratzen dela oraindik ere. Horrekin batera, gizartearen erantzuna goraipatu du Aznarezek. «Auzolana eta gure arteko harremanak sendotu egin dira».

Ahulguneei dagokienez, Navarra Sumak salatu du «berandu» esku hartu dela zahar etxeetan eta menpekotasun zentroetan, testak gizarteratzea falta dela eta osasun arloko langileei materiala eman behar zaiela. EH Bilduk osasun arloko profesionalen kexuak jasotzen jarraitzen du: «Ez dago bermatuta profesional guztiek behar diren babes ekipamenduak izatea». Aznarezen ustez, horrek agerian utzi du beste ahulgune bat: «Ez dugu osasun arloko industriarik. Beste herrialde batzuen menpe gaude».

AGINTE BAKARRA

Konstituzioaren salbuespenezko mekanismoak baliatuz, Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuen martxoaren 14an, eta oraingoz apirilaren 26ra arte luzatu du. Madrilek aginte bakarra hartzeari «egoki» deritzo De Simonek, ekintza koordinatua behar bada ere «batek hartu behar duelako aginte makila». Alzorrizen irudiko, erronka honi aurre egiteko bide bakarra da «administrazioen arteko elkarlana, Espainiako eta Nafarroako gobernuek egiten duten bezala». Navarra Sumak ere ez dio aginte bakarrari arazorik ikusten, betiere Nafarroako Gobernuak bere eskumenak baliatzen baditu: «Madrilekin koordinatu behar da, zalantzarik gabe, baina Nafarroak erabakiak hartzeko ahalmena badauka. Gobernuak lidergo hori badu, arazorik ez».

Sanchezen eta Txibiteren jarrera horrek kezkatu ditu Geroa Bai eta EH Bildu. Martxoaren 27ko osoko bilkuran, Barkosek aipatu zion Txibiteri aginte bakarra «hutsegitea» zela, bere ardura zela autogobernua «herritarren zerbitzura» jartzea eta hura defenditzea. «Koordinazioa bai, inertzia ez», esan zion. Koldo Martinezen ustez, Txibite Madrilen esanetara jarri zen hasieran, «ezer esan gabe, baiezkoa emanez isilean». Haatik, uste du presio politikoaren eta gizartearen eraginez jarrera aldatu duela. Ruizen aburuz, Madrildik materiala noiz helduko zain, gobernuak denbora galdu du. Ruizek «kezkagarria» deritzo, birzentralizazio joera argiarekin batera, Madrilgo gobernuak sustatutako joera autoritarioari, militarren eta polizien diskurtsoak indartu baitira. «Alemanian, estatuak hartu ditu hartu beharreko neurriak, eta gero landerretan ari dira tokian tokiko errealitatera egokitzen. Espainiako Gobernuak beste bide bat hartu du: buruzagitza bakarraren eta espainiar batasuna argi uztearen bidea».

ETORKIZUNARI BEGIRA

Osasun krisiari bide luzea geratzen zaio oraindik, eta bitartean lorratz sakonak utziko ditu gizartean eta ekonomian. Goiz da oraindik atzean geratuko den eremu errearen zabalera jakiteko. Epe motzera begira, Bakartxo Ruiz kezkatuta dago zer gertatuko den gaurtik aurrera milaka langilerekin. «Benetan Nafarroako Gobernuak zer berme emango du, langile gehienek lantokira itzuli behar badute?». Ruizek argi du sektore ekonomikoak presio handia egin duela, baina «ausarkeriatzat» jo du martxoaren 27aren aurreko egoerara itzuli nahi izatea.

Aurrerago begira, Navarra Sumak azpimarratu du berraktibazio ekonomiko eta sozialerako plan bat behar dela: «Hala eskatu diogu gobernuari, eta jada lanean egon beharko luke». Plan baten beharra nabarmendu arren, hori zehazterakoan diferentzia politikak agerian geratu daitezke taldeen artean. «Ez badugu 2008tik hona ezer ikasi, orduan gehien pairatu zutenei beste krisi bat jartzen bazaie, bazaigu, gaizki gabiltza. Akabo», esan du Aznarezek.

Marisa de Simonen ustez, bidegurutze baten aurrean dago politika:«Ikusi beharko da irtenbide sozial bat ematen den, edo irtenbide neoliberal bat. Erne egongo gara bigarren norabide hori har ez dadin». Atsekabetuta agertu da Europako Batasunarekin: «Orain arte herrialdeen beharrei ez die behar bezala erantzun, eta funtsezkoa da finantzaketarako sarbidea erraztea».

Martinezek onartu du «ziurgabetasun sakon» batean murgilduta dagoela ekonomia eta osasun arloa. Orain agerian geratu denez, globalizazioak pandemia bat izateko arriskua handitu du, eta hurrengoari begira, irakaspenak hartu beharko dira: «Dena den, krisiaren zabalera hain da ikaragarria... Ispilu baten aurrean jarri gaitu. Denari eman beharko zaio begiratu sakona, baina uste dut ez garela helduko behin betiko irtenbide batera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.