Ehun bat lagun izan dira ekitaldian: eremuko ordezkari instituzionalak, gizarte eragileak, herritarrak... Hitzaldiak izan dira, Udalbiltzari eta Pirinioetako proiektuari buruzko bideoak, Julen Izarra saxofoi jolearen emanaldia, eta, bukaeran, mokadua.
Euskal Pirinioetan lan eta bizi da egitasmoaren leloa, eta Nafarroa Garaiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 103 udalerri hartuko ditu proiektuak. Eragin, Elgarrekin eta Garapen soziala programak abiatu ditu Udalbiltzak, hogei programa laguntzeko (120.000 euro), eta hurrengo hilabeteetan aterako ditu Nazio auzolanerako deiadarra eta Pirinioak sendotzen egitasmoak.
Ekitaldian izan dira Jean Pierre Irigoin Ainhize-Monjoloseko auzapeza, Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakaria, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakari, Garapen eta Kohesio Fondoko lehendakari eta Usurbilgo auzapeza, eta Jean Michel Galant Azkarateko auzapez, Baigorri-Garaziko herri elkargoko lehendakari eta Udalbiltzako kidea.
Aizpuruak nabarmendu du "handiak" direla hiriburuak eta haietatik urrun dauden lurraldeen arteko aldeak, eta hala salatudu : "Landa eremuetarako indarrean egon diren politikek ez dute garapen sozial eta ekonomikoa ekarri". Pirinioetan aurkitu dituzte egoerarik larrienak.
Berhokoirigoinek, berriz, esan du laborantza ganberak Udalbiltzaren adituen sarean hartuko duela parte eta deialdietan
laguntza teknikoa emanen duela: "Inplikatu egingo gara, helburuak argi izanda. Laborantza nahi dugu, eta herria nahi dugu“.
Proiektuak aurkezteko epea martxoaren 31n amaituko da. Egitasmoak posta elektronikoz, posta arruntez eta fisikoki aurkez daitezke.