Babesa eskatu dute Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideek

Instituzioei laguntza ekonomiko handiagoa eskatu diete, batez ere publizitate alorrean egin daitezkeen ekarpenak aintzat hartutaEuskararen normalizaziorako bidean beren jarduerak duen garrantzia nabarmendu dute

Euskarazko hedabide pribatuetako ordezkariak, atzo egindako prentsaurrekoan GAIZKA IROZ.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2011ko martxoaren 01a
00:00
Entzun
Sostengu ekonomiko handiagoa behar dute. Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabide pribatuek prentsaurrekoa eman zuten atzo Baionan, instituzio publikoei atxikimendua areagotzeko eskatzeko. Horretan kokatzen dira Euskal Irratiak, Herria, Kanaldude, Kazeta.info eta Ipar Euskal Herriko Hitza. Instituzioei laguntza ekonomiko handiagoa eskatu diete, batez ere publizitatearen arloan. Eskakizun hori joan den urteko azaroaren 30ean Andoainen (Gipuzkoa) euskarazko beste hainbat hedabide pribatuk plazaratutako ekimenarekin bat dator. Bertan presente ziren hedabideek mezu hori bera zabaldu zuten. Agerian utzi zuten beraien jarduerak zer errepresentatzen duen, nabarmenduz guztira 620 langile baino gehiagok egiten dutela lan hedabide horietan. Guztien artean 27 milioi eurotik gorako aurrekontua dute, eta gutxi gorabehera 7 milioi euro inguru sortu eta ordaintzen dituzte asegurantza eta zerga bidez.

Ipar Euskal Herrian ere hedabide horien pisua nabarmena dela azpimarratu du Xantxo Ernaga Kanaldude herri telebistako ordezkariak: «Bost medio hauek 45 langile eta 400 laguntzaile dituzte orotara». Urteko aurrekontua 1.750.000 eurokoa dela azaldu dute, eta horren %20 Euskararen Erakunde Publikoaren diru laguntzak direla; erran nahi baita 355.000 euro. Kontuan hartu behar da aurrekontu horretan Euskal Irratiena ere sartzen dela, 1.100.000 eurokoa.

Euskararen erabilera sustatzeko garaian, beraien lekua biziki garrantzitsutzat jotzen dute. «Guk euskarazko hedabide moduan pentsatzen dugu euskararen normalizaziorako tresna inportantak garela». Publizitate instituzionalaren eskasaz beraien «arrangura» nahi izan dute esplikatu. «Prentsaurrekoen gomitak izaten ditugu, baina gero diru laguntzentzat ez dira ohartzen hor garela ere, alta, lan hori egiten dugu», nabarmendu du Ernagak. Ondo ezagutzen ditu euskarazko hedabideen arazoak. «Komertzial gisa BERRIA, Ipar Euskal Herriko Hitza eta Kanalduderentzat lan hori egiten dut, joan naiz Kontseilu Nagusira, hainbat herriko etxerengana, baina diru hori sekula ez da sartzen».

Euskarazko hedabidea izateak lan zamaren aldetik ere dakarrena nabarmendu dute. «Euskaraz aritzeak badu gainkarga bat: prentsaurreko guztiak kasik frantsesez dira, eta guk euskarazko hedabideak behar dugu indar bat egin testu horiek guziak euskaraz emateko». Beraz, instituzioei ere hori kontutan hartzeko eskatu diete, «beraien tresnetan eta prentsaurrekoetan». Hauteskundeen kari euskarazko komunikabide pribatuek eta, batez ere, euskal irratiek egingo dituzten zazpi emankizunetan, hautagaiei galdera bat egingo zaie. Ernagak plazaratu du zein izango den: «Ea nola ikusten duten haiek eta zer eginen duten publizitate instituzional hori desblokeatzeko euskarazko medioei buruz» .

Aitzina begira

Ekimen hori abiapuntu moduan ulertzen dutela dio Ernagak. «Lehen urrats bat da, ez da kolpe bat bakarrik izaiten ahal lan balios bat izaiteko». Egun bakarreko lana ez dela zehaztu dute, baizik eta, fruituak emango baditu, urte guztian garatu behar dena. «Ez dugu erraten soilik ez dela ongi. Ez da ongi, eta behar da hobetu, EEPrekin, Kontseilu Nagusiarekin, herriko etxeekin... Gu prest gara lanean hartzeko eta egoera txar hori hobetzeko». Iazko urteaerreferentzia gisara harturik, Euskal Irratietan bi kanpaina izan ziren, eta Herrian bat, sostengua handitzeko asmoz.

Aitzina egiteko prest direla azpimarratuz, elkarlanerako deia egin dute hedabideek: «Bada zer egiteko, eta gu prest gara haiekin horretan lanean hartzeko, hainbat bilkura antolatzeko, eta ea nola hobetzen dugun haien presentzia gure medioetan».

Eskakizun hori, euskarazko hedabideek, oro har, krisi garaian kokatu dute. Alde batetik, krisi ekonomikoa, eta, bestetik, komunikabideek dituzten aldaketa sakonak hor daude, hedabide batzuen iraupena bera zalantzan jartzeraino. Beren borondatearen kontra, irautearen erronka jarri dietela salatu dute. Ikusi dute gertuko hainbat hedabide, esate baterako, ateak itxi beharrean aurkitu direla. Egoera iraultzeko asmoa agerian utzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.