Zornotzatik Durangora zihoan autobusa, eta Durangotik Zornotzara autoa. «Ordu horretan ez zebilen zirkulazio handirik. Ni hor ondoan nengoen, orain Mercedes hori aparkatuta dagoen lekuan, kamioaren barruan», hala gogoratu zuen Cesar Sobak istripuaren unea. Ezbeharra gertatu zen lekutik 300 bat metrora dagoen tailerreko langilea da. Inguruan ez dago beste lantokirik. Eta handik beste 300 metro ingurura dago etxerik gertuena: errepide ondoan dagoen baserria. Hala, tailer horretan zeudenak dira istripuaren lekuko bakarrak.
«Bat-batean, sekulako kolpea entzun da, eta tailerrean zeuden guztiak kalera atera dira zer izan den begiratzera», gogora ekarri zuen Sobak, oraindik ere ikara kendu gabe zuela. Kolpeak, baina, hauts mordoa atera zuela zioen, eta horrek ikusmena gutxitu zion. «Autobusa ikusidut batetik bestera kontrola galduta zebilela. Hasieran ezin izan da ia besterik ikusi».
Autobusa horrela ikusita, Sobak laster imajinatu zuen beste ibilgailuren bat ere tartean zegoela. Hautsa baretu zenean ikusi zuen autoa. Berehala deitu zuen larrialdi zerbitzuetara. «Aurki etorri dira». Soba bera gerturatu ere ez zen egin. «Autobus baten eta auto baten arteko istripuan badakizu ezer onik ezin dela gertatu. Badakizu handiaren aurka txikiak beti galtzeko aukera guztiak dituela. Nahiago izan dut hemen geratu».
Zaratak aztoratu egin zuelako eta hautsak ondo ikustea eragotzi ziolako, ez zekien oso seguru zer gertatu zen. «Nik tailerrean egon diren bati baino gehiagori aditu diedana baino ezin dut esan. Diotenez, autoa txirrindulari bat aurreratzen saiatu denean gertatu da istripua. Aurretik zetorkion autobusaren aurka joan da, bete-betean».
Autoa erabat deseginda geratu zen. «Aurreko aldea falta zuela eraman du garabiak». Ez da Sobak halakorik ikusi duen aurreneko aldia. «Hemen lanean daramatzadan bost urteetan, lauzpabost istripu handi jazo dira».
«Badakizu ezin dela ezer onik gertatu»
Inguruan dagoen tailerreko langileak eta bezeroak izan ziren istripuaren lekuko bakarrak. Kolpeak eragindako zaratagatik ohartu ziren ezbeharraz; tailerrekoen esanetan, autoak txirrindulari bat aurreratzeko ahalegina egindakoan jo zuen autobusa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu