Ikerne Badiola EAko komunikazio idazkariak atzo eguerdian hartu zuen foru diputatu kargua, eta, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundia erabat osatuta geratu zen. Gipuzkoako gobernu taldeko gainontzeko kideek ostiralean hartu zuten beren postua Donostian egindako ekitaldian, baina Badiolak ezin izan zuen parte hartu; Madrilen zen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Bateragune auziari dagokion epaiketan lekuko gisa deklaratzen. Batzar Nagusiek Azpeitian egin zuten atzo urteroko bilkura ibiltaria, eta Bilduren taldeak batzar hori baliatu zuen gobernua erabat osatzeko.
Eguerdian izan zen Batzar Nagusietako pleno irekia. Aurrez, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak harrera ofiziala egin zien batzarkideei. «Euskal Herriaz hitz egin behar dugu, azken bozetan gizarteak aldaketa politiko eta soziala eskatu duen herriaz. Aldaketa gure herriak sufritu duen indarkeria amaitzeko eta pertsona guztiei euren giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak errespetatuko zaizkiela bermatzeko», adierazi zuen Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako lehendakariak.
PSEren omena Inaxio Uriari
Beste alde batetik, Batzar Nagusietako bilkura hasi aurretik, lore eskaintza egin zioten PSE-EEko diputatuek Inaxio Uriari, 2008an ETAk hil zuen enpresariari. Ondoren, Batzar Nagusietan Bilduko kideek Uriaren aipamenik egin ez izana gaitzetsi zuen PSEk.
Badiolak kargua hartuta, osatu da Gipuzkoako Aldundia
'Bateragune auziko' epaiketan lekuko gisa ari zenez, Ikerne Badiolak ezin izan zuen kargua hartu ostiralean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu