Irribarre bihurriak ihes egiten dio oraindik ere Iñaki Pikabea Piti-ri (Errenteria, Gipuzkoa, 1947) Martuteneko ihesaldiaz jardutean. Begiradarekin gehiago kontatzen du hitzekin baino, «ez dut inor konpromisoan jarri nahi». Berrogei urte pasatu badira ere, hitz erdika kontatzen du oraindik Martuteneko ihesaldia. Astelehenean egingo ditu 40 urte, 1985eko sanfermin egunean bi bafletan ezkutatuta atera zituzten Joseba Sarrionandia Sarri eta Piti Martuteneko espetxetik; bi falta ziren «recuento generalean» Kortaturen Sarri-sarri kantak dioen bezala. Pitik, epikotzat jotzen den ihesaldi hartan hanka egin zutenetako batek, sentitutako beldurra ere badu gogoan: «Sentsazioa zen ez nituela gehiago ikusiko gurasoak».
Piti Errenterian atxilotu zuten, 1979an, ETArekin lotuta. Soriako eta Herrerako (Espainia) kartzeletara eraman ostean, Martutenera ekarri zuten, 1985ean. Gogoan duenez, Martutenen 11 euskal preso politiko zeuden aldi hartan. Ihesaldia Sarrirentzat eta beste preso batentzat prestatu zuten kanpotik –ez du zehaztu nor–, baina, hura Martutenetik beste espetxe batera eraman zutenez, bigarrena nor izango zen erabaki behar zuten. Zigor gogorrenak zituztenen artean zozketa bat egin zuten. Mahai gainean papertxo zuri batzuk utzi zituzten, eta batean gurutze bat zegoen. Gurutzea zuena Pitiri egokitu zitzaion: «Sorpresa izan zen, baina ezin nuen atzera egin!».
Gogoan du Martutenekoa nahiko espetxe irekia zela, «eta orain, banoa», pentsatu nuen. Zer gertatuko zen jakin gabe, ikaraz eta ziurtasunik gabe ere sentitu zela gogoratu du: «Ez dakizu nora joango zaren, noraino helduko zaren...». Kezka etxekoengatik ere bai: «Ez ditut gurasoak agian gehiago ikusiko».
Kanpoan prestatu zuten ihesaldia. Egoera moldatu zuten kontzertu bat egon zedin Martutenen. Furgoneta bat, bafleak eta musika ekipoa alokatu zuten. Imanol kantaria Martuteneko kartzelan kontzertua emateko prest agertu zen, eta hura kantatzera joan zen. Sartu zuten material guztia espetxean, eta haien artean bi bafle barnetik hustuta zeuden. Presoak jardun ziren laguntzen kontzerturako soinua jartzen eta kentzen. Kontzertua bukatu zenean, Piti eta Sarri bafleen barnean ezkutatu ziren, eta igo zituzten furgonetara. «Pisatuko zuten pixka bat, e!», dio Pitik irribarrez.
«Lortu dugu»
Dena iluna zegoela du gogoan. Furgoneta martxan jarri orduko, giltza hotsak, ate batzuk itxi eta besteak nola irekitzen zituzten entzuten zuten. Eta, gero, furgonetaren abiada sumatu zuten. Kanpoan ziren. Jabetu ziren lortu zutela. Poz kolektibo bat gertatuko zela pentsatu zuen: «Lortu dugu. Bazen garaia zerbait ondo ateratzeko. Baduzu harrotasun xume bat haren parte izateagatik». Moduak ere badu epikotik: «Ez zen ezer hautsi, ez zen liskarrik izan... gakoa bafleetan zegoen».
Ez zen bidaia luzea izan. Minutu gutxiren buruan furgoneta geratu eta etxe batera sartu ziren. Donostiako Egia auzoan zeuden. Familia bat bizi zen han, eta eguneroko martxan segitu zuten haiek. Ezinbestekoak zirenek baino ez zekiten non zeuden. Etxe horretan igaro zituzten bizpahiru hilabeteetan txintik atera gabe egon ziren. Etxekoak ez bazeuden, komunera ere ez ziren joaten, bizilagunek susmorik har ez zezaten.
«Lortu dugu. Bazen garaia zerbait ondo ateratzeko. Baduzu harrotasun xume bat haren parte izateagatik»
IÑAKI PIKABEAMartuteneko kartzelatik ihes egindakoa
Ordurako Pitik sei urte zeramatzan kartzelan, eta, nahiz eta etxe batean ezkutaturik egon behar izan, telebistak erakutsi zien mundua nola aldatzen ari zen. Coche fantástico eta MacGyver telesailak zeuden orduan bogan. Testuinguru hartan, ihesaldiak ere oihartzun handia izan zuen 1985eko sanferminen osteko egunkari, irrati eta telebistetan.
Handik Ipar Euskal Herrira eraman zituzten bizpahiru hilabeteren buruan. 1985a ez zen garai xamurra, GAL ere indarrean zelako Ipar Euskal Herrian. Iheslarien kontrako atentatu sorta egin zuten bolada hartan, eta dozenaka hildako eta zauritu eragin zituzten. GALek jarduteko zuen inpunitatea ere bistakoa zen, eta tentuz ibili behar izan zuten.
Ipar Euskal Herrian bolada bat egin ostean, itsasoaz bestaldera, Kubaraino joatea erabaki zuen Sarrik, baina Pitik geratzea erabaki zuen. ETAn segitu zuen. 1987an berriz ere espetxeratu zuten, eta 2000. urtean utzi zuen atzean kartzela. «Kartzelak ez dira inolaz ere lasaigune. Gizakiak sortu duen eraikin krudel eta ankerrena da kartzela. Kartzelak elikatu eta mantentzen dituen sistema bat bada, baina nik ez dut halako sisteman sinesten».