Playa de Bakio Bermeoko atun itsasontziko arrantzaleak lehorrean zeudela zabaldu bazen ere atzo -hala zioen ontziko kapitainaren emazteak Espainiako Radio Nacionalen-, haien senideek gaur esan dute arrantzaleak ez daudela lehorrean, itsasertzetik hiru kilometrora baizik. Kontua "luze" joan daitekeela-eta, familiako kideek "lasai" uzteko eskatu dute.
Playa de Bakio igandean bahitu egin zuten, Somaliako itsasertzetik 250 miliara, nazioarteko uretan, atunetan zebilela. Bahitzaileek dirua eskatzen dute marinelak aske lagatzearen truke. 26 arrantzaleetatik bost Euskal Herrikoak dira, zortzi Galiziakoak, zazpi Ghanakoak, lau Madagaskarkoak, Senegalgoa bat eta Seychelleetakoa beste bat.
Uneotan Espainiako Gobernuaren helburua atun itsasontziaren bahiketa "konpontzeko modurik onena erabakitzea" da. Espainiako Gobernuak negoziazioen alde egin du, "bahituen bizitza arriskuan jarri gabe"; baina ez du erasoaren aukera baztertu. Egoera konpontzeko bi bide hartu ditu. Alde batetik, diplomatikoa: Kenyako enbaxadorea atzo iritsi zen Muqdisho Somaliako hiriburura eta lehen ministroarekin, Barne ministroarekin, polizia buruarekin eta Afrikako Batasunaren misioko arduradunarekin bildu zen. Bestetik, aukera militarra: Espainiako armadaren Mendez Nuñez fragata atzo gauean iristekoa zen bahiketa gertatu zen ingurura eta Espainiako Gobernuak iragarri zuen itsas patruilarako P-3 Orion hegazkin bat ere bidali duela.
Pevesak, Playa de Bakio-ren jabeak, marinelen senideei esan die marinelak askatzeko irekitako bideak "oso ondo" doazela. Hala ere, Pevesak ez die aipatu piratei erreskatea ordaintzeko negoziazioetan ari direnik.
Bahiketa Somalian
Bahitutako arrantzaleak ez daudela lehorrean diote haien senideek
'Playa de Bakio' Bermeoko atun itsasontzia itsasertzetik hiru kilometrora dago. Igandean bahitu zuten, Somaliako itsasertzetik 250 miliara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu