GERNIKAKO ESTATUTUAREN 25. URTEURRENA

Bai, azkenean

Oso giro liskartsuan egin zen Estatutuari buruzko kanpaina, duela 25 urte; azkenean, Arabako, Bizkaikoeta Gipuzkoako %60k bozkatu zuten, eta botoa eman zutenen artean %90ek baietza eman zuten

Imanol Murua Uria.
2004ko urriaren 24a
00:00
Entzun
«Euskalerriarentzako Autonomia Estatutoaren egitamua onartzen al duzu?», zioen hitzez hitz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hautesleek 1979ko urriaren 25ean botoaren bidez erantzun behar zuten galderak. Ia %58 bozkatzera joan ziren, eta %42k abstenitzea erabaki zuten; bozkatu zutenen artean, %92k eman zuen baiezkoa. Duela 25 urteko ostegun hartaz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua indarrean da.Kanpaina liskartsu baten ondoren heldu zen bozketa egun hura. Izan ere, giro politikoa irakiten zegoela hasi zen erreferendumaren kanpaina, urriaren 4an. Beste kanpaina batzuekin nahastuta, gainera. ETAren bi adarrak norbere kanpaina armatuak egiten ari ziren, eta Estatuko polizi indarrak eta erakunde parapolizialak ere kanpainanibili ziren, aurreko asteetan: irailaren 1ean Espainiako Poliziak Iñaki Kijera hil zuen Donostian manifestazio batean; eta bi egun lehenago, hiri berean, Tomas Alba HBko Donostiako zinegotzia hil zuten atentatuan. Estatutuaren aurkako indarren aurkako ekintza zela salatu zuen HBk. «Gehiago eroriko gara», ohartarazi zuen Miguel Castells senatariak, eta Egin-ek lehen orrian argitaratu zuenez, euren buruak babesteko armak eramateko baimena eskatzea aztertzen ari ziren HBko hautetsiak. Ez zuten halakorik egin, azkenean.Gerra hotsak nonahi entzuten ziren. Kanpaina ofiziala hasteko egun gutxi batzuk falta zirela, urriaren 1ean, EAJko buruzagien aurkako «gerra zikinaz» ohartarazi zuen Carlos Garaikoetxeak, Alderdi Eguneko ekitaldian.Eta kanpaina hasi eta egun gutxira, urriaren 11n, Hego Euskal Herrian salbuespen egoera ezartzeko proposatu zuen formalki Manuel Fraga APko buruzagiakEspainiako Kongresuan. Egun hartan bertan, bi polizia zauritu zituen ETA(m)k Getxon; bi egun lehenago, polizia bat hil zuen Iruñean; bezperan, Juan Inazio Erdozia ETA kidea hilik agertu zen Lizarrustin Poliziarekin enfrentamendu batean hilda, gero jakin zenez... Eta egun gutxira, kanpainaren erdian, Fran Aldanondo KAAko kidea hil zuen tiroz Guardia Zibilak. Ez zen giro. Baina Fragaren proposamena atzera bota zuten.

Iskanbilak manifestazioetan

Uztailean Moncloako negoziazioetan Estatutua hitzartu zenez geroztik, manifestazioetan eta ekitaldi politikoetan Estatutuaren aldekoen eta kontrakoen arteko liskarrak sortzea ohikoa zen. Euskadiko Ezkerrak deitutako hainbatetan gertatu ziren batzuen eta besteen arteko istiluak, eta ez hitzezkoak bakarrik. «Ez dakigu manifestazioak egiteko baimena Guardia Zibilari eskatu behar diogun, edo ateratzen ari zaigun beste Guardia Zibil berri horri», adierazi zuen EEko bozeramaile batek HBri buruz, urriaren hasierako manifestazio iskanbilatsu baten ondoren.

HBren eta Estatutuaren aldeko indarren arteko lehia izan zen, batik bat, 1979ko urriko kanpaina hura.Estatutuaren aldeko alderdiek, UCDk salbu,kanpaina bateratua egin zuten EAJ, PSE-PSOE, EPK, PTE-ORT, ESEI, ANV (h), EE eta EKA. Abstentzioaren aldeko indarren artean nagusia Herri Batasuna zenez, baietzaren aldeko mitin bateratuetan ohikoak ziren HBren abstentzio eskaeraren aurkako mezuak.Kanpainako protagonistetako bat, hain zuzen, Telesforo Monzon izan zen, garai hartan HBko diputatu hautetsia Espainiako Kongresuan. 1936ko Eusko Jaurlaritzan Herrizaingo sailburu izan zenak 1936koa baino eskumen gehiago zeuzkanEstatutua arbuiatzearen kontraesana nabarmendu zuten sarri Estatutuaren aldekoek. Monzonek ez zuen kontraesanik ikusten:«Moneta, pasaportea, gerrako itsas armada eta 50.000 gizon armatu zituen Eusko Jaurlaritzako ministro izan nintzen», erantzun zuen. «Herri guztiek dute euren gurutzea, eta gurea gizon hau da», esan zuen egun haietan Jose Maria Benegasek. Santiago Carrillo PCEko buruak, kanpaina egitera Euskal Herrira etorria, Monzon «burgesa» zela eta «bizi guztian eskuinekoa» izan zela leporatu izan zion.Monzon bera eta Francisco Letamendia Ortzi auzipetzeko bidean ziren kanpaina hasi zenean, Kongresuan haien aurkako suplikatorioa aztertu zain, baina urriaren 9an suplikatorioari buruzko erabakia erreferenduma egin arte atzeratzea erabaki zuten.Salaketak bata bestearen atzetik zetozen, ordea: «Gaur bertan heldu zait auzitegira joateko deia», esan zuen Miguel Castells senatariak mitin batean: «Eta ez dakit atzo esan nuenagatik den, edo gaur esango dudanagatik. Ahoa irekitzen dugun bakoitzean sumario bat irekitzen digute». HBren legez kanporatzeari buruzkohotsak zabaldu ziren orduan ere. Espainiako Gobernuko Komunikazio idazkariak argitu zuen auzia: «HB koalizioa ezin da legez kanporatu, hauteskunde aldietatik kanpo izaera legalik ez duelako».Jokabide «faxistak» erabiltzea eta beldurra eragitea leporatu zieten baietzaren aldekoek, behin eta berriro, HBri. Eta posta bidez bozkatzeko kanpaina bultzatu zuten, presioen beldurrez bozkatzera joatera ausartuko ez zirenentzat.HBk ere presioak salatu zituen. ESBk, esate batera, erreferendumerako oso egun gutxi falta zirela iragarki bat argitaratu zuen prentsan, «UCDko eta EAJko patronala» langileak bozkatzera joatera behartzen ari zela salatzeko erreferenduma astegunez zen, eta HBk ezezkoa ere bere egiten zuela gogoratzeko: «Bozkatzekotan, bozkatu 'ez'», zen mezua.

Abstentzioa nola neurtu

Erreferenduma egitearekin iskanbilak ez ziren bukatu, noski. Baietzaren aldekoentzat zalantarik gabeko garaipena izan zen, erroldako %53k eta botoa eman zutenen %92k baietz bozkatu baitzuten. Estatutua arbuiatzen zutenen emaitzak neurtzea zailagoa zen, batik bat abstentzioa bultzatuagatik ezezkoa ere bere egin baitzuten.Estatutuaren aurkako indarrek ontzat eman zituzten emaitzak, baina abstentzioaren porrota izan zela erantzun zuten beste aldetik, emaitzen gainean hainbat kalkulu eginez. Deia-k, lehen orrialdean, HBren jarrera hautesleen %2,7k baino ez zutela babestu nabarmendu zuen, aurreko hauteskundeetan abstentzioa zenbatekoa izan zen kontuan hartu eta erreferendumean abstentzioa zenbat igo zen neurtuz. Hiru orrialde oso eskaini zizkion abstentzioaren azterketari, «HBren porrota» nabarmentzeko.

Egin egunkariak, berriz, postaz emandako botoen kopuruak neurriz kanpo igo zirela nabarmendu zuen kronika nagusietako titularretan, eta HBko, EMK-ko eta LKIko interbentoreek irregulartasunak salatu zituztela. Baina salaketek ez zuten aurrera egin.

Erreferendumaren kanpainaren gida



 

AP





Ezezkoa proposatu zuen Alianza Popular alderdiak, «Espainiaren zatiketa» eragingo zuelakoan. Manuel Fraga zen alderdiaren burua.

APEZPIKUAK





Bilboko, Donostiako eta Gasteizko apezpikuek abstentzioaren aurkakoadierazpena plazaratu zuten.

EAJ





Bai hitza ardatz hartuta egin zuen kanpaina EAJk: Hitz batekin jasoko dut Euzkadi: bai; Hitz batekin lortuko dut bakea; Hitz batekin salbatuko dugu euskara... Carlos Garaikoetxea zen EBBko burua.

EE





Bi mezu nagusi erabili zituen Euskadiko Ezkerrak baietzaren alde: Estatutuarekin presoak kalera eta Estatutuarekin, Nafarroa Euskadin. Juan Mari Bandres eta Mario Onaindia ziren buruzagi nagusiak.

EIA





EEren barruko alderdia zen Euskadiko Iraultzarako Alderdia. Baietza eskatu zuen.

EKN

@:



Parte hartzearen aldeko kanpaina egin zuen Eusko Kontseilu Nagusiak: Estatutuarekin, Euskadi aurrera indarrean. Ezin dugu honela jarraitu. Zeuk erabakitzen duzu izan zen lelo erabilienetako bat. Carlos Garaikoetxea zen EKNko lehendakaria.

ELA





Estatutuaren aldeko ebazpena onartu zuen ELAk IV. Kongresuan, «autogobernu prozesua hastekoabiapuntu egokia» zelakoan. Alfonso Etxeberria zen idazkari nagusia.

EMK





Euskadiko Mugimendu Komunistak EMK Zirkus ikuskizunarekin egin zuen abstentzioaren aldeko kanpaina. Lelo nagusia: Jauntxoen estatutuari ezkerrak botorik ez. Rosa Olivares eta Patxi Iturriotz ziren bozeramaile nagusiak.

EPK-PCE





Lelo batekin egin zuen Estatutuaren aldeko kanpaina alderdi komunistak: Estatutuarekin, langileak aurrera. Roberto Lertxundi zen EPK-ko idazkari nagusia, eta Santiago Carrillo PCEkoa.

ERBESTEKO JAURLARITZA





Jesus Mari Leizaola lehendakariak, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren izenean, baiezko botoaren aldeko adierazpena egin zuen.

ESEI





Baiezkoaren aldeko kanpaina egin zuen Euskadiko Sozialistak Elkartzeko Indarrak. Gregorio Monreal eta JoseManuel Castells ziren bozeramaileetakoak.

HB





Mezu nagusi bat eman zuen Herri Batasunak abstentzioaren alde: Euskadik ez du etsiko. HB lau alderdik osatzen zuten: ANV, ESB, HASI eta LAIA. Ezezkoa ere ontzat ematen zuela adierazi zuen HBk. Telesforo Monzon zen HBko bozeramaile ezagunena. ESBko idazkari nagusia Iñaki Aldekoa zen; HASIko buruzagien artean ziren Santi Brouard eta Txomin Ziluaga.

KANPAINA BATERATUA

@:



Alderdi bakoitzak norbere mezuekin ekitaldi propioak egin zituzten arren, baietzaren aldeko alderdi gehienek kanpaina bateratua egin zuten, mitin asko elkarrekin emanez. EAJ, PSE-PSOE, EPK, PTE-ORT, ESEI, ANV (h), EE eta EKA alderdiek hartu zuten parte.

KAS





KASek abstentzioaren aldeko kanpaina egin zuen, lelo nagusi honekin: Burruka aurrera doa. Irabazi egingo dugu. Abstentzioa. Estatutuari baietz esatea Espainiako Konstituzioa onestea zela ere azpimarratu zuen.

LKI





Abstentzioaren aldeko kanpaina egin zuen Liga Komunista Iraultzailea alderdiak.

PSE-PSOE





Estatutuaren balioa goraipatzearekin batera, ETAren aurkako konpromisoaren garrantzia nabarmendu zuen PSE-PSOEk kanpainan. Jose Maria Benegas zen idazkari nagusia.

UCD





Union de Centro Democratico alderdiak baietzaren aldeko kanpaina egin zuen, baina kanpaina bateratuan parte hartu gabe. Lelo nagusia hau izan zen: Herriari maitasunez, UCDk baietz bozkatuko du. Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko presidentea zen UCDko burua. Euskal Herrian Julen Guimon eta Jesus Viana (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan) eta Jaime Ignacio del Burgo (Nafarroan) ziren buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.