1998an sortu zuten euskalgintzako eragileek Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, eta aurten, beraz, hamargarrena urteurrena beteko du. Leloz aldatzeko baliatuko du, batetik: orain arteko Bai euskarari-ri Euskaraz bai-k hartuko dio lekukoa, konpromisoak areagotu egin behar direla aldarrikatuz. Bestetik, abenduaren 13an urtemuga ospatzeko ekitaldi handia egingo du Barakaldon (Bizkaia), BEC erakustazokan, 18:00etatik aurrera.
Gaur eman du horren denaren berri Kontseiluak, BECen bertan egindako agerraldian. Han egon dira Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia, Koldo Tellitu Kontseiluko lehendakaria eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederaziokoa, Aritz Zerain (Bertsozale Elkartea), Oskar Elizburu (AEK), Mikel Arrizabalaga (Elkar), Aitziber Martinez de Lagos (Sortzen-Ikasbatuaz), Joanmari Larrarte (EKT), Igone Lamarain (EHE), Agurtzane Loidi (Elhuyar Aholkurlaritza) eta Sebastien Castet (Euskal Konfederazioa) zuzendaritzakideak.
Tellitu lehendakariak esan du "pauso bat harago joateko unea iritsi" dela, eta bide horretan herritarrak izan nahi dituztela. "Euskararen alde egotea ez da nahikoa. Konpromisoak hartzea behar-beharrezkoa da: norbanakoen konpromisoa, soziala nahiz politikoa".
Euskarak etorkizuna behar duela iritzi dio euskalgintzako bilguneak. "Iraungo duen hizkuntza izatea nahi dugulako eta euskal herritar guztien hizkuntza izatea nahi dugulako, ezinbestekoa da euskararen garapena ziurtatzea".
Jorratuko dituen ildoak
Aurreratutakoa kontuan izan eta "normalizaziora iristeko bidea falta" dela gogoan hartuta, Kontseiluak oinarrizko ildo hauek jarraituko ditu etorkizunera begira, Euskaraz bai agirian dioen bezala:
1. "Euskararen berreskurapen-prozesua azkartzea ezinbestekoa da. Hau da, egun Euskal Herrian euskara ez dakitenek ikastea, eta, bere erabilera esparru eta eremu berrietan handitzea, ahalik eta eperik laburrenean. Ezagutza eta erabilera zabaltzeko aukera berriak sortzen jarraitu behar dugu".
2. "Funtzio sozial guztiak euskaraz garatzeko aukera lehenbailehen lortzea ezinbestekoa da, horrela lor baitaiteke euskararen normalizazioan urrats benetakoak egitea".
3. "Euskara lehentasuneko hizkuntza izatea lortu behar dugu, horrela ziurta baitaiteke euskaldunen eta biztanle guztien hizkuntza eskubideak bermatuta izatea".
4. "Hori guztia egiteko lan politiko-instituzionala eta lan soziala bideratu behar dira, biak ere norabide berean. Erakunde instituzionalek, eragile politikoek, ekonomikoek eta sozialek, norbanakoek eta euskalgintzak norabide berean lan egitea ezinbestekoa da, guztion arteko lankidetzak ziurta baitezake euskararen geroa eta Euskal Herri euskalduna".
Kontseiluak hamar urte hauetan euskara ikasi, erabili, zabaldu eta horren aldeko hautua egin duten jendarte-eragile guztiei eta pertsona guztiei zorionak eman nahi dizkie.
Euskara
'Bai euskarari'-tik, 'Euskaraz bai'-ra
Kontseiluak BECen ospatuko du bere hamargarren urteurrena, abenduaren 13an. Konpromisoak areagotzeko unea dela dio euskalgintzako bilguneak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu