Hala ere, Xabier Mendigurenek azpimarratu du instituzioen, gizarte arlo guztietako eragileen, euskararen gizarte erakundeen eta norbanakoen konpromisoak beharrezkoak direla euskararen egoera hobetu nahi bada. Horrela, hurrengo hileotan Kontseiluak euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoak eta neurri eraginkorrak areagotzeko bere "esfortzuak biderkatuko" dituela iragarri du.
Kontseiluaren arduradunekin batera enpresetan euskara normalizatzeko aholkularitza lana egiten duten Ahize (AEK), Artez, Elhuyar eta Emun erakundeak azaldu dira.
Lan mundua eta euskara
Elhuyar Aholkularitzako Koordinadoreak, Agurtzane Loidik, lan-munduak ere euskara behar duela azaltzeko arrazoi hauek eman ditu: "Erakundea bezeroaren gogobetetzearen bila joate horretan, hurbiltasuna lortzen laguntzen duelako; pertsonen garapena lortzen laguntzen duelako; erakundea kokatuta dagoen gizartean hobeto txertatu ahal izateko; enpresa lehiakorraren irudia indartzen laguntzen duelako; aldaketetarako gaitasuna garatzen laguntzen duelako; kanpoko merkatuetan kalitatearen ikur gisa erabil daitekeelako".
Beste aldetik, kalitate-sistemekin gertatu zen bezala, efektu biderkatzailea bizkortzea eta enpresa txiki eta ertainetara zabaltzea garrantzitsua dela esan du Loidik. "Bai Euskarari Ziurtagiriak dagokion prestigioa lortuko balu –adibidez, ISO ziurtapenek dutenaren antzekoa–, askoz errazagoa izango litzateke beste ehunka erakunde erronka eder honi eusteko prest agertzea", zehaztu du Loidik.
"Enpresak eta merkatariak nabarmendu egin behar dira"
Mikel Urdangarinek Ahize-ko arduradunak, berriz, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartu eta errespetatzen duten enpresak eta merkatariak nabarmendu egin behar direla azpimarratu du, kalitate eta ingurumen arloetan egiten den bezala. "Bai Euskarari Ziurtagiriak erraztu egiten du lortutakoaren komunikazioa, eta modu planifikatuan lan egiteko aukera ematen du", esan du Urdangarinek.
Herri eta sektore mailako "sinergia"
Produktu edo zerbitzu zehatz bat eskaintzen duen enpresabat euskarazko zerbitzua ematen hasten denean, arlo berekoak bide berean sartzea ere errazagoa dela esan du bestalde, Patxi Alaña Artez-eko arduradunak. "Ez bakarrik lehiakidearen atzean ez geratzeagatik sortzen den grinagatik, terminologia egokia eta hizkuntza eredu egokiak erabiltzea bideragarria dela jadanik frogatuta geratzen delako ere bai", azpimarratu du Alañak. Halaber, 'Bai Euskarari Ziurtagiria'-ren eragin garrantzitsuenetako bat "herri eta sektore mailako sinergia" dela azaldu du.
"Euskarak esparru sozioekonomikoa irabazi behar du"
Emun-en izenean, berriz, Juan Luis Arexolaleibak hitz egin du, eta azken hamarkadetan, "zailtasun eta erasoen gainetik", dinamika bizia garatu dela euskararen normalizazio bidean esan du. Euskararen normalizazioa lortu nahi bada, "euskarak esparru sozioekonomikoa irabazi behar" duela esan du Arexolaleibak.
Euskara
'Bai Euskarari Ziurtagiria' 628 gizarte eragilek daukatela azpimarratu du Gizarte Erakundeen Kontseiluak
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Idazkari Nagusi Xabier Mendigurenek eta 'Bai Euskarari Ziurtagiria'-ren arduradun Roberto Gutierrezek 628 gizarte eragilek 'Bai Euskarari Ziurtagiria' dutela nabarmendu dute gaur. Mendigurenek azaldu duenez, 2000, urtean banatu zuten lehen aldiz agiri hori, eta hiru urte pasatu ondoren, "bide onetik" doazela esan du, "hizkuntz normalizazioaren aldeko neurri eraginkorrak abian jartzen ari diren eragileak gero eta gehiago baitira".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu