Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea osatzeko prozesua bide onetik doa

Mila eta bostehun eragile inguruk eskuratu dute euskararekiko konpromisoa frogatzen duen agiria

2007ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Bete-betean dabil Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea. Osatzeko prozesua oso emaitza onak izaten ari dela azaldu dute Kontseiluak eta elkartearen arduradun nagusiek. Izan ere, dagoeneko 1.405 enpresak eta eragilek bat egin dute egitasmoarekin, eta euskararekiko konpromisoa frogatzen duen agiria eskuratu dute. Halaber, hartu-eman ugari izan dituzte elkartearen berri emateko, eta elkarlanerako konpromisoa berretsi dute.

Udaberrian aurkeztu zuen Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea sortzeko asmoa, eta urrian abiatu zuten osatzeko harreman fasea. Atzo, Gasteizen, elkarteko arduradun Rober Gutierrezek eta Kontseiluko lehendakari Mikel Arrizabalagak hainbat erakunderekin izaniko harremanen berri eman zuten, eta eginiko lanaren lehen balantzea azaldu zuten. Harremanen fasea luzatu behar izan dutela azaldu zuten, egitasmoak oso harrera ona izan duelako.

Gutierrezek nabarmendu zuenez, elkarlana izango da Ziurtagiriaren Elkartearen oinarri nagusia. Hortaz, egitasmoa aurkezteko eta ekarpenak jasotzeko asmoz, harremanak izan dituzte Adegirekin, Ekonomisten Euskal Elkargoarekin, Euskal Ganberekin eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioarekin. Sindikatuekin ere izan da eta izaten ari da Bai Euskarari Ziurtagiriaren arduraduna; besteak beste, CCOO, ELA, EHNE, ESK, Hiru, LAB, EILAS eta UGT sindikatuekin. «Bilera hauen guztien balorazioa ona da, eragileek uste baitute Bai Euskarari Ziurtagiria eta sortuko den elkartea oso tresna onak direla elkarlana gauzatzeko», adierazi zuen Gutierrezek.

Elkartea sortzeko bidean, azken-aurreko pausoa ematen ari da Kontseilua. Hartu-emanen fasea amaitzen dutenean, elkartea sortzeko unea iritsiko da. Hala, egitura juridikoa emango zaio elkarteari, eta lehen batzarra antolatuko dute. Horretan, zuzendaritza hautatu eta karguak izendatu beharko dituzte, eta ostean lehenbiziko plangintza egingo dute. Fase hori bukatzeko, lekukoa eskuz aldatzeko ekitaldia antolatuko dute. Kontseiluak sei urtez kudeatu duen egitasmoa Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen esku jarriko du. «Hortik aurrera orpoz orpo lanean hasteko unea izango da, elkarlanaren tenorea», esan zuen Gutierrezek.

Izan ere, Arrizabalagak azaldu bezala, Bai Euskarari Ziurtagiria aurrerantzean indartzeko eta sendotzeko pausoak eman nahi ditu Kontseiluak, eta, ildo horretatik, ezinbestekoa izango da eragile guztien inplikazio aktiboa eta lankidetza. Kontseiluaren iritziz, lan munduaren euskalduntzea guztiz estrategikoa da euskararen normalizaziorako, eta, horregatik, hasieratik eman dio izaera estrategikoa Bai Euskarari Ziurtagiriari.



ELKARTEAREN EGITEKOAK. Hala, sortze bidean dagoen elkartearen helburua enpresa, saltoki eta era guztietako entitateek euskararen normalizaziorako konpromisoak hartzea eta betetzea izango da. Hala, ziurtagiria duten erakundeen eta enpresen eragintza, jarraipena eta ebaluazioa egingo du elkarteak. Halaber, ziurtagiriaren kudeaketarik egokiena bermatuko du Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak, eta edukiak garatu eta gizarteratuko ditu. Arrizabalagak esan zuenez, «oro har, euskararen normalizazioan eragitea du helburu».

Gainera, etorkizunera begira bere lana egokitzeko hiru motatako bazkide izango ditu elkarteak. Bazkide babesleak Kontseilua osatzen duten kide guztiak izango dira, eta Bazkideen Batzar Orokorrean botoen %50 izango dituzte. Bazkide erabiltzaileak, berriz, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu eta erabiltzen duten entitateak edota lortuko dutenak dira. Guztien artean botoen %25 izango dituzte. Azkenik, bazkide laguntzaileek osaturiko taldea dago, eta multzo horretan sindikatuak, enpresarien elkarteak, kooperatibak, finantza entitateak, merkataritza ganberak, administrazioak eta abar sartuko dira.



«Eragileek uste duteBai Euskarari Ziurtagiria eta elkartea tresna onak direla elkarlana gauzatzeko»

rober gutierrez
bai euskarari elkarteko arduraduna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.