Baiona, Aieten hasitako bidea

Hiru urte inguruz aritu dira elkarrizketan Baionako Adierazpenaren sinatzaileak, Aieteko Nazioarteko Konferentzia egin zenetik.Bide horretan, urrats garrantzitsua izan zen 2012ko Baionako Foroa

Baionako Adierazpenaren sinatzaileetako batzuk, joan den ostiraleko agerraldian. BOB EDME.
Hodei Iruretagoiena.
2014ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Aieteko Nazioarteko Konferentziaren hirugarren urteurrenean, ekarpen sakona egin dute Ipar Euskal Herriko ia sentsibilitate politiko guztietako ordezkariek: Baionako Adierazpena —Iparraldeko PS, UMP, zentro, abertzale, Berde eta CFDTren ordezkariek sinatu dute—. Besteak beste, Frantziako Gobernuari ETArekin mintzatzeko eskatu diote; neurri zehatzak proposatu dituzte euskal preso eta iheslarien inguruan, zerumugan amnistia lege bat jarrita; eta Ipar Euskal Herrirako «esparru instituzional berezi bat» emateko eskatu diote.

Luzera begirako adierazpena dela nabarmendu dute sinatzaileek beraiek, eta bateratua izateak ematen dio pisua. Bateratze horretan badu zer ikusia aurretik egindako lanak: Aieteko Nazioarteko Konferentziaz geroztik ari dira elkarlanean.

AIETEKO KONFERENTZIA

Abiapuntu

2011ko urriaren 17an plazaratu zen Aieteko Adierazpena, eta han izan ziren orain Baionakoa sinatu duten alderdietako ordezkariak. Hala dio dokumentu hartako laugarren puntuak: «Eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko». Horri heldu diote, eta jarraitu egin dute, Paristik oztopoak etorri arren. Abiapuntu gisa hartu zuten bide orria.

TRABAK ETA MOBILIZAZIOA

Zailtasunak indargune

Ez da trabarik gabeko bidea izan han hasitakoa. 2011 hartako giroa adibide: Frantziak Aurore Martin Espainiaratzea erabakia zuen urte hartan, eta gero eta babes handiagoa bildu zuen Batasuneko militanteak. Aieteko Konferentziatik bi hilabete eskasera, Baionan batu ziren sentsibilitate guztiak —4.000 herritarrekin batera— euroaginduaren aurka.

Urtebetera atxilotu zuten Martin, 2012ko urrian. Guztiek kritikatu zuten Martin atxilotu eta Espainiaratu izana, eta, azaroan, aspaldiko mobilizaziorik handiena egin zen Baionan, Herrira mugimenduak deituta: 15.000 lagun elkartu ziren. Mobilizazio garrantzitsu gehiago ere izan dira gerora, tartean, lurralde elkargoaren aldarrikapenarekin lotuak.

Garai hartan, hautetsien gehiengoa —sozialistak barne— haserrearazi zuen Manuel Valls Barne ministroak, lurralde elkargoaren eskaera ETArekin lotuta. Hala idatzi zuen Bake Bideko Peio Dufauk, Argia-n: «Gizartea inarrosi dute (...) Frantziaren ezetzak jende gehiago ekarri du». 2012ko abenduko Baionako Bake Foroaren atariko giroa zen hori.

BAKE BIDEA

Bultzatzaile

Bake Bidea mugimendua bera izan liteke Dufauk esandakoaren ispilu. Hain zuzen, Martinen kasuaren berotan, euroaginduaren inguruan sortutako taldea da gerora Bake Bidea izena hartu zuena. 2011ko ekainean, eskubide zibil eta politikoen inguruko jardunaldiak antolatu zituzten Miarritzen —han zen, besteak beste, Lokarriko Paul Rios—. Gero, Aieteko Adierazpenaren testuinguruan, hausnarketa hasi zuten, eta bide orri hura oinarri hartuta, prozesuari buruzko gogoeta erraztea eta gizartean eztabaida bultzatzea izan dute helburu geroztik. Zeregin garrantzitsua bete du bide horretan.

2012KO BAIONAKO FOROA

Elkarrizketarako mugarri

Lokarriren eta Bake Bidearen artean antolatu zuten Baionako Bake Foroa, 2012ko abenduan. Han, adierazpen bateratua aurkeztu zuten sentsibilitate guztiek, adostasunerako malgutasun handia erakutsita. Hala izendatu gabe, baina alderdien mahai bat eratzeko prest zeudela esan zuten —zehazki, «Euskal Herriko eragile politikoen artean eztabaida abiatzeko» prest zirela zioten—, eta Euskal Herri osoan bultzatu behar zela elkarrizketa hori. Horretan jarraitu dute. Instituzio propioarena kenduta, oinarriak han zeuden: biktima guztien aitorpena, presoak Euskal Herriratzeko eskaera, eta iheslarien normaltasunez bizitzeko eskubidea.

Esan liteke hura izan zela joan den ostiraleko adierazpenerako mugarri. Foroaren ondoren, Bake Bideko Anaiz Funosasek BERRIAn egindako elkarrizketan ohartarazi zuen foro hura ez zela izan«Aiete II», Aieteko bide orriaren hasiera baizik: «Aiete praktikan jartzea zen helburua, Ipar Euskal Herriko ikuspegitik».

«ELKARRIZKETA TALDEA»

Adostasunerako ahalegina

Orduan, «maila pertsonalean» ari zirela nabarmendu zuten sinatzaileek, baina hilabeteak zeramatzaten elkarrizketan. Aurrez ere arituak ziren lurralde elkargoaren inguruan, eta landua zuten gutxieneko konfiantza hori. Gerora eman zioten izaera ofiziala elkarrizketa gune horri —Frantziako Euskal Herriko elkarrizketa taldea deitu diote orain—, baina Baionako Foroan ere ikusi zen adostasunerako ahalegina. Adituen hitzaldien artean, azken unera arte aritu ziren adierazpena aurrera atera nahian, eta hitzak neurtzen. Iheslariak aipatu ordez, adibidez, «gatazkaren ondorioz beren etxetik erbesteratzera behartuak» aipatu zituzten.

2014KO BAIONAKO FOROA

Gizartearen partehartzea

Joan den martxoan egin zen bigarren foroa Baionan. Tarte horretan, Bake Prozesua Indartzeko Foro Sozialak jardunaldiak antolatu zituen Bilbon eta Iruñean, eta horietatik eratorritako gomendioak aurkeztu 2013ko maiatzean. Horietan sakontzeko ariketa egin zuten Baionako Foroan. Gizarte zibilaren egitekoa nabarmendu nahi izan zuten. Hala esan zuten aurkezpenean Bake Bideko kideek: «Egituratzen bagara, gizarte zibila egituratzen bada, [foro sozialetik ateratako] gomendioak eskuetan harturik, gaitasuna eta boterea dugu egoera aldatzeko, estatuak ados izan ala ez».

Honako hau ere esan zuten egun hartan: «Frantziaren jarrera aldatzeko parioa egiten dugu. Espainiarekiko lerrokatzea uzteko parada du». Ikusiko da azkenean hori lortzen duten ala ez. Alderdien elkarrizketa, nazioarteko adituen laguntza, gizartearen bultzada... Dena beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.