BAM

Baiona-Angelu-Miarritzen, eskuina nagusi

Lehen itzuli honetan, ez du bere parioa kausitu Pauen gehiengoa zuen ezkerrak Baionako, Angeluko eta Miarritzeko kantonamenduetan.

Jean-Jacques Lasserre. ISABELLE MIQUELESTORENA
Iñaki Etxeleku.
2015eko martxoaren 23a
17:00
Entzun

Baiona 2ko kantonamenduan, Cristophe Martin oraingo kontseilari nagusi sozialista lehen agertzen da, Juliette Muller bikotekidearekin, eta bigarren itzulian berriz hautatua izateko xantzarekin, baina bestalde gertatu zaie beste kantonamenduetako sozialistei.

Baiona 3 kantonamenduan, Yves Ugalde eta Christine Lauque zentro-eskuinekoak lehen dira, boz gutirengatik, baina Henri Etxeto eta Marie Christine Aragon oraingo kontseilariei aitzina hartuz. Sozialistek, berdeen eta ezkerreko fronteko bozak bildurik ere, ez dute partida erraza izanen bigarren itzulian. Baionako herriko etxeko bozetan gertatu denari eite du franko kantonamendu honek, ikusi beharko baita Fronte Nazionalaren bozak nora joanen diren eta, oroz gain, EH Bairenak, kasik %10etara helduz, berriz ere eragin baitezakete heldu den igandeko emaitzetan.

Baiona 1 kantonamenduan, haatik, Claude Olive Angeluko auzapezak (UMP) eta Florence Lasserrek parioa irabazi dute, aise aitzinean agertzen baitira lehen itzulian (%48,26); abantzu segurra dute bigarren itzulirako.

Angeluko kantonamenduan ere zentro-eskuina nagusi da aise, Patrick Chasseriaud eta Nicole Darrasse aitzinean baitira (%40,69). Sozialisten izenean, Sandrine Dervillekin aurkezten zen Guy Mondorge orain arteko kontseilari nagusiak bere kargua gal lezake, beraz, bigarren itzulian emaitza baieztatzen bada.

Miarritzen, Max Brisson eta Maider Aroztegi kontent jalgi dira lehen itzulitik, denen aitzinean agerturik, eskuineko hautagaitza zabala izanik. Eskuineko boz guzien beharra izanen du bikoteak Max Brissonek zuen karguaren berreskuratzeko.

Hendaian sozialistak aitzinean badira ere, esperantza Baionako hiriguneko hirietan zuten Pauen gehiengo baten atxikitzeari begira. Ikusiz Mendialdean, Atharratzen eta Garazin zituzten kontseilariak galdurik eta eremu horretan zentro eskuina nagusi agertzen dela, pentsatzekoa da arras neke izanen zaiola alderdi sozialistari departamenduaren atxikitzea, non ez duen abstentzioko bozetarik biltzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.