Baionako bestetako hilketagatik atxilotutako zazpiak akusaziopean jarri dituzte

Atzo deklaratu zuten kasua ikertzen ari den instrukzio epailearen aitzinean. Horietako bost preso sartu dituzte «nahitarako giza hilketa» leporatuta. Baionako prokuradoreak jakinarazi du epailearen ikerketarekin segituko dutela, bakoitzaren inplikazioa argitzeko.

Patrice Laniesen hilketa salatzeko elkarretaratzea, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko irailaren 30a
11:07
Entzun

Patrice Lanies «nahitara hiltzea» leporatuta bost gizon akusaziopean ezarri eta preso sartu dituzte, Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak agiri batean jakinarazi duenez. Sei lagun atxilotu zituzten asteazkenean: hiru Essonnen (Frantzia), Paris ondoan, eta beste hiru Bretainian. Hiruri ustezko hiltzaileak izatea egozten dietela jakinarazi zuten, eta beste hiruri ihes egiten lagundu izana.

Baionako bestetan 46 urteko gizonezko bat hil zen zafraldi bat bildu ondoan; etxera sartzen ari zela, ate aitzinera iristean, hiru gizonek sartzea trabatu zioten; galdetu zienean handik mugitzeko, jo egin zuten, behin eta berriz, bortizki. Handik zenbait egunetara hil zen gizona, Baionako ospitalean. Frantziako Poliziak gizon baten robot irudia zabaldu zuen berehala, eta adierazi zuten beste bi gizonen bila ere bazebiltzala.

Prokuradoreak zabaldutakoaren arabera, atxilotutako bost gizoni leporatu diete «nahitarako giza hilketa», eta seigarrenari krimena salatu ez izanaren akusazioa eman diote. 21 eta 27 urte artean dituzte denek. Bost presondegian sartu dituzte, eta seigarrenari kontrol judiziala eman diote.

Zazpigarren pertsona bat ere atxilotu zuen Frantziako Poliziak, 33 urteko emakume bat, eta hura ere akusaziopean ezarri dute, krimen bat salatu ez izanaren akusaziopean. Hau ere kontrol judizialpean ezarri dute.

Baionako prokuradoreak jakinarazi du epailearen ikerketak aitzina segitzen duela, eta akusaziopean ezarria izan den pertsona bakoitzaren inplikazioa zehaztea izanen duela helburu. Horrez gain, heriotza eragin zuen jipoia nola gertatu zen argitu beharko dute ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.