Bainoako Etxepare lizeoa hetsia izanen da gaur. Ikasle zenbaitek positibo eman dute PCR proban, eta, ondorioz, ikasleek etxean gelditu beharko dute. Atzo, bigarren mailako ikasle guziak etxera igorri zituzten, horien artean atzeman zituztelako kasu positiboak. Baina beste mailetan ere kasu bat atzeman dute, gutxienez, eta ikastetxea hestea erabaki dute.
Dena den, azterketak hurbiltzen ari baitira, astelehenetik goiti berriz irekia izanen da ikastetxea, antolaketa egokituko baitute. Gaur hestea erabaki dute, astelehenetik gorako antolaketa aztertzeko.
Eskualdeko Osasun Agentziaren arabera, Pirinio Atlantikoetako departamenduko agerraldi gehienak ikastetxeetan atzeman dituzte, baina ez dute zehaztu zenbat diren zehazki Ipar Euskal Herrian. Bordeleko Akademiaren azken zenbakien arabera, 77 ikasgela itxita daude Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetan, eta hiru ikastetxe osorik hetsiak dira.