Baionako Etxepare lizeokoek diote murrizketek ikasleen «metatzea» ekar dezaketela

Seaskak protestak hasi ditu, ikasturte berriko eskola sartzearekin kezkatuta; gaur Ziburun eginen dituzte

Atzo Etxepare lizeoan egindako protesta. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Baionako Etxepare lizeoko irakasle eta langileek protesta egin zuten atzo ikastetxe atarian, Frantziako Hezkuntza Ministerioak heldu den ikasturteari begira inposatu nahi dien baliabide murrizketa salatzeko. Gillermo Etxebarria zuzendariak azaldu duenez, Seaskaren bigarren mailako ikastetxeei 70 oren gutxiago eman nahi dizkie; bi klaseren oren kopurua, alegia. «Horren eraginez, bi dibisio edo klase kentzen dizkigute, eta ikasleak metatzera behartzen gaituzte». Seaskaren arabera, Errektoretzak men egin dio Frantziako Gobernuak iragarri duen baliabide gutxitzeari. Erran du baliabideak emateko orduan ez dela irizpide pedagogikoetan oinarritu eta dirua aurreztea dela errektorearen helburua. Hartu duen ebazpena onartezina dela salatu dute.

Baionako Etxepare lizeoan ez ezik, protestak eginen dituzte datozen egunotan Seaskako kolegioetan ere. Lapurdin bi protesta izango dira, gaur eta astelehenean; Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan, gaur, eta Kanboko Xalbador ikastegian, etzi. Ostegunean, Nafarroa Beherean plazaratuko dute kexua, Lartzabaleko Erdozaintzi ikastegian.

Baliabideak murrizten badira klaseetan ikasle gehiago sartu beharko dira. Gela batzuetan 39 izan daitezkeela salatu du Etxebarriak. Baldintza horietan oinarri pedagogikoak urratu eta eskaini behar den kalitatea ez dela egoki bermatzen deitoratu du.

Kalitatearen kaltean

«Errektoretzaren proposamena gauzatzen bada, akabo ikasgaien zeharkako lanaren antolaketa eta pedagogia ezberdindua. Pikutara kolegioetan bete behar den oinarrizko konpetentzia orokorren jabetza eta ikaslearen jarraipen pertsonala». Baldintza horietan, bigarren mailako eskoletan ahalmen urriko neska-mutilen integrazioa ezin bideratua dela esan dute. Seaskak eta Integrazio Batzordeak berebiziko lana egin eta integrazioaren xahutzea beregain hartuta ere, ezinezkoa da integrazioa.

Kexu dira bigarren mailako Seaskako eskoletako guraso eta ikasleak ere. Seaskako zuzendaritzak eta Errektoretzak lehen mailako lanpostuen egokitzeko prozedura adostua zuten, EEP Euskararen Erakunde Publikoaren bitartekaritzarekin. Hiru urtez hamaika irakasle lanpostu egokitzeko prozedura ezarri zuten plantan. Dagoeneko Seaskak irakasle postu horiek ordaintzen ditu, eta ikasle kopuruak emendatuz segitzen du. Euskararen eta hizkuntza politikaren aldeko eleak esker onez hartzen badituzte ere, euskararen eta murgiltze ereduaren geroa baliabide egokietan oinarritzen dela nabarmendu dute. Euskararen aldeko hizkuntza politikak belaunaldi berrietan eragin eta euskaldun osoak sortu nahi dituela dio EEPk. Seaskak goraki dio ikasleen euskalduntze prozesu egokia bermatzen duen hizkuntz eredu bakarra murgiltze eredua dela. Horregatik, baliabideak atxikitzeko eta behar direnak eskatzeko mobilizazioak eginen dituela jakinarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.