Marc Mariee Baionako fiskalaren laguntzaileak ez du ez baieztatu, ez ezeztatu gaur Gara egunkariak argitaratu duena; hau da, ez du argitu Jon Anzaren gorpua Frantzian lurperatuta dagoen. "Pertsona batzuek inkesta aitzinarazten lagun dezaketen informazioak baldin badizute, hartzaile gara", adierazi du Marieek, arratsaldean emandako prentsaurrekoan.
Anne Kayanakis Baionako fiskalak ikerketa abiatua du, eta duela zenbait egun zioen "hipotesi guztiak mahai gainean" dituztela.
Gara-ren arabera, Anza euskal preso ohia (Donostia, 47 urte) Frantzian egon daiteke lurperatuta, eta Espainiako polizien "legez kanpoko" galdeketaren ondorioz hil zen.
Anza joan den apirilaren 18tik dago desagertuta. Ahetzeko (Lapurdi) bizilagunari egun hartan neska-lagunak Baionako tren geltokira lagundu zion, eta hantxe ikusi zuen azkeneko aldiz. ETAk gero jakinarazi zuen bere militantea dela Anza, apirilaren 18an hitzordua zeukala Okzitaniako Tolosan, baina ez zela azaldu.
Gara-k dio kasua ezagutzen duten kideen informazioa daukala, eta Baiona-Tolosa bidean bahitu egin zutela poliziek. Anzak buruko gaixotasun larria dauka eta polizien galdeketan hil egin zen, eta orduan erabaki zuten espainiar poliziek Frantzian lurperatzea, betiere egunkariaren arabera.
1982tik 2002ra artean preso egon zen, ETAko kidea zela leporatuta. Azkeneko urtean buruko gaixotasun bat du, eta ikusteko arazo handiak dauzka.
"Gerra zikina"
Kasu hori gerra zikinaren "ondorio latzena" dela adierazi izan du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). "Espainiako Gobernuak bultzatzen duen eta Frantziakoak laguntzen duen gerra zikinaren jomuga izan dela argi baiezta dezakegu".
AAMk uste du gerra zikina bultzatzen ari dela Espainiako Gobernua. Horren adibide du azkenaldian izan diren lau bahiketa eta jazarpen kasuak: Juan Mari Mujikarena, Lander Fernandezena, Alain Berastegirena eta Dani Saralegirena. "XXI. mendeko gerra zikina" bultzatzea egotzi dio Espainiari, informazio politikoa lortzea, eta beldurra hedatzea helburu duena.
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak esan izan du eurek ez dakitela ezer Anzaren kasuaz. Frantziako Poliziak ez du deus esan inoiz.
Kasua argitzeko eskatuz ekimen ugari
Anza desagertu zenetik hainbat eta hainbat mobilizazioa egin dituzte Euskal Herrian, kasua argitzeko eskatzeko. Irailaren 19an Donibane Lohizunen (Lapurdi), esaterako, manifestazio jendetsua egin zuten.
politika
Baionako Fiskaltzak ez du argitu Jon Anzaren gorpua Frantzian lurperatuta dagoen
'Gara'-k gaur argitaratu du euskal preso ohia lurperatu egin zutela espainiar poliziek. Anza apirilaren 18tik dago desagertuta. Baionan trena hartu zuen orduan, Okzitaniako Tolosan etakideekin biltzeko. Egunkariak dio bidean bahitu egin zutela eta hil egin zela galdeketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu