«Harrigarria eta ezin sinetsia da». Horrela deskribatzen du Mikele Zamora Dumaz abokatuak Marie-Therese Gomisen kontra Pirinio Atlantikoetako prefeturak eman duen kanporatze agindua. Masterra bururatzear den ikasle senegaldarrari «integrazio falta» leporatzen diote. Prozedurak bururaino segitzen badu, hainbat urtez eraiki duen bizia bertan behera uztera behartua izango da.
Badu bederatzi urte Gomisek (Senegal, 1991) sorterria utzi zuela, ikasteko. Gaur egun, Ondare Ingeniaritzako Masterra bukatzen ari da Baionako Talis Business School ikastetxean. Ondotik, praktikak egin dituen enpresan proiektu berri bat abiatzekoa du. Baina ekainaren 10ean jaso zuen kanporatze aginduak erabat trabatzen du haren etorkizuna.
«Osoki integratua da jendartean: etxebizitza du, lagunak baditu, eta, gainera, paradoxikoki, Frantziako Estatuarengandik ez du diru laguntzarik jasotzen»
MIKELE ZAMORA DUMAZ Abokatua
Prefeturak igorritako aginduan, Gomisek «integrazio eta errotze faltak» dituela diote. Arrazoiak «ulertezinak» iduritzen zaizkio abokatuari, eta errekurtsoa ezarri du Paueko Administrazio Auzitegian kanporatze aginduaren kontra. Horri esker, justizia erabakia behin-behinean eten da, eta masterra lortzeko azken azterketa pasatzen ahalko duela espero dute. «Frantziako justiziari eskatzen diogu onartu dezala prozedura ilegitimoa dela, eta lan egiteko baimenaz gain hemen bizitzeko eskubidea eman diezaiola», adierazi du abokatuak.
Aste honetan, Colette Capdevielle (PS), Peio Dufau (EH Bai) eta Iñaki Etxaniz (PS) diputatuak eta Frederique Espagnac (PS) senatariak idatzi diote Jean-Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefetari, Gomisen kasua berriz aztertzeko eskatuz. Ostegun honetan Prefeturak baikorki erantzun die politikariei, ikaslearen kasua «berriz aztertzea» galdegin baitu. Era berean, bi hilabeteko baimena luzatu dio ikasleari, azterketak pasatzeko.
«Gomis osoki integratua da jendartean: etxebizitza du, lagunak baditu, eta, gainera, paradoxikoki, Frantziako Estatuarengandik ez du diru laguntzarik jasotzen», azaldu du Zamora Dumazek. Azpimarratu du Gomisen familiaren parte bat Frantzian bizi dela eta horrek «errotze faltaren aitzakia» deuseztatu dezakeela.
Hirugarren kanporatze agindua
Ekainekoa izan da Gomisek jaso duen hirugarren kanporatze agindua; Zamora Dumaz arduratu da haren defentsaz hastapenetik. Lehen manua segidan ezeztatu zen, Gomisek bere ikasketei lotua den enpresa batean lan egiteko baimena lortu zuelako. Aldiz, abokatuak azaldu duenez, Frantziako justizia eta administrazio publikoaren antolaketa «gogortu» delako iritsi dira bigarren eta hirugarren aginduak.
Paradigma aldaketa hau Bruno Retailleau Frantziako Barne ministroaren zirkularraren ondorioa da; migrazio legeak oro har eta lanean ari diren paperik gabeko pertsonen erregularizazioa zorrozten ditu batez ere. Adibidez, zirkular berriaren arabera, bederen zazpi urtez Frantzian egona izan behar da paperen eskatzeko. Alta, Gomisek betetzen du baldintza hori: badu jadanik bederatzi urte hor dela. Horregatik, kasua «zentzugabekoa» dela dio Zamora Dumazek.
«Ukan ditugun ikasle hoberenetariko bat da, dudarik gabe, eta, ziurrenik, promozioko lehen ikasleetan izango da»
MANUEL HERRERO Talis Business School ikastetxeko erakaslea
Antzeko sentimendua du Manuel Herrerok. Gomisen erakaslea izan da Baionako Talis Business School ikastetxean. Zuzenbide pribatuari buruzko klaseak ematen ibili da azken urtean, eta bere ikaslearekiko benetazko «admirazioa» duela adierazi du. «Ukan ditugun ikasle hoberenetariko bat da, dudarik gabe, eta, ziurrenik, promozioko lehen ikasleetan izango da». Argi utzi nahi izan du «talentu handikoa» eta «sekulako langilea» dela.
Horrez gain, diru kontularitzaz arduratzen den enpresa batean lan egin du ikasketen ondoan, eta bertan «arrakasta» lortu du. Horiek horrela, enpresaren baitan ondare kudeaketa saila sortzea erabaki dute Gomisek eta nagusiak. «Sekulako konfiantzazko seinalea da, eta Marie-Theresek lan egiteko duen prestasuna frogatzen du», esplikatu du Herrerok. «Horrelako proiektua Marie-Theresek baizik ez du eramaten ahal, sinpleki bera izan delako egitasmoaren oinarrian».
Anartean, irakasleak eta Gomisen ikaskideek «ohorezko ziurtagiriak» izenpetu dituzte, justiziaren aurrean frogatzeko haien klasekidea «osoki integratua» eta «parte hartze handikoa» izan dela. Irailetik aitzina mobilizatzen segitzeko asmoa dute.