Lapurdiko arrantzaleek eta Frantziako Estatuko gainerakoek haserre hartu dute Europako Batzordeak antxoa arrantzaldiaren etena indarrean jar dezakeenaren iragarpena. Neurri hori hartzeko erabili dituzten txosten zientifikoak manipulatuta daudela salatu dute. Haserre hori agertzeko, Baionako portua blokeatu zuten atzo antxoatan dabiltzan Lapurdiko eta Frantziako Estatuko beste gune batzuetako arrantzaleek.
Gaur goizean protestarekin aurrera jarraitzen dute, beren ordezkariek Parisen, Frantziako Arrantza Ministerioko arduradunekin egingo duten bileran zer erabakiko den jakiteko zain.
Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek —haiekin batera Kantabria (Espainia), Asturias (Espainia) eta Galiziakoek—, antxoa kosteraren etena agintzeko eskatu zioten Europako Batzordeari, espezie hori galtzeko arriskuan dagoela eta. Europako Batzordeak joan den ostiralean jakinarazi zuen litekeena dela uztailetik abendura bitartean antxoaren arrantza galaraztea.
Lapurdiko arrantzaleek eta Frantziako beste lekuetakoek, esan bezala, haserre hartu dute iragarpen hori.
Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek etxean egin dute ia hilabete, antxoa eskasiarekin kezkatuta uko egin baitzioten arrantzaldi horrekin aurrera jarraitzeari. Hala ere, gaur aterako dira berriro itsasora, hegaluzetara. Lapurdiko eta Frantziako arrantzaleak haserre daudela eta, haiekin enfrentamenduak gertatzeko beldurra dutela agertu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako marinelek. 90.eko hamarkadan liskar handiak izan ziren arrantzale talde horien artean, eta haie errepikatuko direnaren kezka zabaldu da. Hori dela eta, Jaime Tejedor Gipuzkoako kofradien presidenteak arrantzaleei eskatu die probokazioetan ez erortzeko.
Arrantza