Epaiketa

Baionan hil zuten autobus gidariaren ustezko erasotzaileen aurkako epaiketa hasi da gaur

Philippe Monguillot gidariaren familiari barkatzeko eskatu diete akusatuek, eta hura hiltzeko asmorik ez dutela adierazi dute

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa (eskuinean), Baionan, autobus gidariaren heriotzaren ostean egindako bisitan, 2020ko uztailaren 11n.. BOB EDME
Edu Lartzanguren.
2023ko irailaren 15a
18:19
Entzun

Hiru pertsona zeuden gaur deituta gaur, Pabeko auzitegian (Okzitania), Baionan 2020. urtean gertaturiko hilketaren inguruko epaiketan deklaratzera. Akusatuetako bik baino ez dute deklaratu, azkenean, hirugarrena gaixorik zegoelakoan.

Hilketak Lapurdiko hiriburua inarrosi zuen 2020ko uztailean. Hilaren bostean, Chronoplus sareko autobus bat gidatzen ari zen Philippe Monguilot 58 urteko langilea. Autobusera igotzeko asmoa zuen pertsona talde bati maskara jar zezatela eskatzeko jaitsi zen ibilgailutik, iskanbila sortu zen. Bi erasotzailek jipoia eman zioten, konorterik gabe utzi zuten, eta ihesi joan ziren. Monguilot Baionako ospitalera eraman zuten, eta egun batzuk garun heriotzarekin igaro ostean, hil egin zen.

Erasoaren biharamunean atxilotu zituzten ustezko erasotzaileak, gertaeren lekutik oso gertuko etxebizitza berean. Haietako biri kolpeak eman izana leporatu zieten, eta beste biri, ustezko erasotzaileak babestea, eta biktimari ez laguntzea. Preso sartu zituzten laurak.

«Ez naiz munstro bat. Ez nion halakorik egin nahi Monguillot jaunari», esan du gaur Wissem Manai akusatuak. Besteak beste, biktima lurrera bota zuen ukabilkada ematea leporatzen diote. Maxime Guyennon, beste akusatuak esan du ez zuela istiluan parte hartuko, jakinez gero heriotza batekin amaituko zela. «Nik ez nuen hiltzea nahi. Inork ezin zuen jakin hilko zenik».

Euren bizimoduaren berri eman dute. Nimes (Okzitania) eskualdekoa da Manai. 25 urte ditu, eta porrot egin zuen eskolan, «dislexia dela eta», esan duenez. Droga saltzen hasi zen, eta gaztetatik espetxetik pasaturikoa da. Baionara oporretan joaten zela kontatu du, eta jaioterrian arazotan sartu zenean —lagun bat hil zioten tiroz—, Euskal Herrira ihes egin zuen.

Guyennonek ere antzeko ibilbidea izan du. Kalamua erosteko dirua lortzeko hasi zen lapurtzen, eta lapurreta batean pertsona bat larri zauritu zuen. Kartzelan zen 18 urterekin, bost urteko zigorra betetzeko. Monguillot hil baino hiru hilabete lehenago askatu zuten. Gurasoek jatetxe bat hartu zuten Landetan (Okzitania) Baionatik gertu, gaztea arazoetatik urruntzeko asmoz.

Hirugarren akusatuari ez diote deklaraziorik hartu, psikologikoki ondo ez zegoela iritzita. 43 urteko Mohamed Akrafiri ustezko hiltzaileei aterpe ematea egozten diote. Dardarka ari zen epaitegian, eta epaileek azterketa psikiatrikoa eskatu dute. Litekeena da astelehenean itzultzea epaitegira.

Manai eta Guyennon kartzelatik pasatutakoak direnez, litekeena da bizi arteko zigorra ezartzea, hilketarengatik.

Zirrara, Baionan

Erasoak eta ondorengo heriotzak oihartzun handia izan zuen Baionan. Erasoa salatzeko eta gidariaren senideei elkartasuna adierazteko, ehunka pertsona elkartu zen Baionan. Senideak izan ziren manifestazioaren buru, eta haien ondoan, Chronoplus autobus sareko lankideak, hautetsiak, eta herritar ugari.

Autobusak geldirik egon ziren hainbat egunez, eta sindikatuek zuzendaritzarekin negoziatu zituzten segurtasuna hobetzeko neurriak.

Ikusi gehiago:Ekaitz Bergaretxe. Autobus gidaria «Lana ongi egin nahi duzu, baina ezin duzu. Zaila da eramateko»

Askotan kexatu izan dira gidariak segurtasun faltarengatik, eta, badirudi, arazoa ez dela konpondu. Joan zen abuztuan, esaterako, gizonezko batek eraso zion Txik Txak autobus sareko gidari bati, Urruñan (Lapurdi). Baiona eta Hendaia arteko zerbitzua egiten ari zela, autobusean ezin dela jan ohartarazi zion mozkorturik zegoen bidaiari bati. Hark, ordea, iraindu eta hozka egin zion. Erietxean zaindu behar izan zizkioten zauriak.

Erasotzailea atxilotu zuten, eta epaiketa azkarra egin zioten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.