Konponbideari begira

Baionatik Kanbora, gakoz gako

Maiatzaren 4an Kanbon egingo dituzten nazioarteko topaketen aurkezpena egin dute gaur Baionan. Hemen laburpena, sei gakotan.

Gaurko prentsaurrekoa. ISABELLE MIQUELESTORENA
Oihana Elduaien Uranga.
2018ko apirilaren 23a
08:18
Entzun

ETAren aipamenik ez. Agerraldian ez dute ETAren aipamenik egin. Prentsaurrekoan ETAren desmobilizazioari buruzko "datu garrantzitsuak" emango zituztela iragarri zuten, baina han, ez dute halakorik esan. Gatazkaren konponbidean aitzinaratzeko nazioarteko topaketak iragarri dituzte maiatzaren 4rako, baina ez dute zehaztu han zer gertatuko den. Ez dute egitaraurik aurkeztu eta ezta ordutegirik ere. "Azken helburura bidean", urrats esanguratsuak emateko aukera dagoela uste dutenez, "helburu hori buruan" antolatu dituzte topaketak, esan dutenez. Egunotan izan diren filtrazioak tarteko, ETAren desmobilizazioa konstatatzeko ekitaldiren bat espero da.

Logotipoa. Aieteko bide orria jarraitu du Bake Bideak 2011n konferentzia egin zenetik. Horregaitik iritsi dira hona, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen, Bake Bidearen eta Foro Sozialaren arabera. Beraz, Aieteri erreferentzia argia egin diote gaur, bai hitzez eta bai irudiz. Hango logotipo bera aukeratu dute nazioarteko topaketetarako: lehio bat zabalik.

Hiru mugarri. Hiru ekitaldi lotu dituzte gaurko prentsaurrekoan. 2011ko Aieteko bake konferentzia batetik: "Bertan, Europako azken gatazka armatuaren inguruko bake justu eta iraunkorra erdiestea posible zela sinetsita genuela adierazi genuen". Bigarren mugarri gisara iazko apirila jarri dute, orduan izan zen ETAren armagabetzea. Orain, "mugarri berri bat" ezartzeko garaia dela diote, "ziur gaude berriro ere ikusiko dugula aurrerapenik etorkizun motzean". Ez dute zehaztu noiz, baina maiatzaren 4an izatea espero da.

Babes taldea. Nazioarteko topaketek babes taldea dute. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapeza, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza, Alain Iriart Hiriburuko auzapeza, Max Brisson senatari errepublikarra, Frederique Espagnac PSko senataria, eta Florence Lasserre-David naiz Vincent Bru Moderneko diputatuak dira talde horretako kideak.

Gonbidapena. Nazioarteko topaketetan parte hartzeko deia egin diete HNTk, Foro Sozialak eta Bake Bideak "euskal gizarte, erakunde zein alderdi politiko guztiei, bai eta euskal Instituzio guztiei". Hona iristeko haiek guztiek egindako lana ere azpimarratu dute.

Agiria hiru hizkuntzatan eta galderarik ez. Raymond Kenall Interpol-eko zuzendari ohiak eta Harremanetarako Nazioarteko taldekoak irakurri du agiria frantsesez, Anaiz Funosas Bake Bideko kideak euskaraz eta Agus Hernan Foro Sozialekoak gazteleraz. Galderarik ez dute onartu, "diskrezioagatik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.