Konponbideari begira

Bake prozesua bultzatzeko batzordea aurkeztu dute Aieten

Jordi Armadans-ek, Garbiñe Biurrunek, Henri Duhalt-ek, Nazario Oleagak, Fernando Armendarizek, Anne Marie Bordes-ek, Maite Perez Larrunbek eta Michel Tubianak osatuko dute batzordea, ibilbide aniztuneko zortzi lagunek. Foro Sozialaren gomendioak bake prozesuan inplikatuta dauden eragileen artean zabaltzea eta kudeatzea izango da haien egitekoa, Lokarrik eta Bake Bideak jakinarazi dutenez. Hodei Iruretagoiena, zuzenean aritu da.

Bake Foroko batzorde sustatzaileko hainbat ordezkari gaur. BERRIA
Berria.info
2013ko abenduaren 23a
14:40
Entzun

Jordi Armadans FundiPauko zuzendari eta politologoa, Garbiñe Biurrun epailea, Henri Duhalt magistratua, Nazario Oleaga Bizkaiko Abokatuen elkarteko zuzendaria, Fernando Armendariz giza eskubideen erakundeetako kidea, Anne Marie Bordes kazetaria eta Euskal Herriko informazio kultural, ekonomiko eta politikoan espezializatua, Maite Perez Larrunbe freelance, erredaktore eta helduen hezitzailea, eta Michel Tubiana abokatua eta Giza Eskubideen Elkarteko ohorezko presidentea izango dira Foro Sozialaren gomendioak hedatzeaz eta bultzatzeaz arduratuko den batzordeko kideak.

Lokarrik eta Bake Bideak bake prozesua bultzatzeko osatu dute batzordea, eta gaur goizean aurkeztu dute Aieteko Jauregian. Lau egiteko izango dituzte aurrerantzean, Bake Bideako Peio Dufauk azaldu duenez: Foro Sozialaren hamabi gomendioak aintzat hartuak izan daitezen lan egitea; erakundeen, alderdi politikoen eta gizarte zibilaren parte hartzea bultzatzea; "bake prozesuan inplikatutako erakunde eta aktore nagusiei" gomendioak aurkeztea; eta horiekin batera, gomendioei buruzko elkarrizketa eta iritzi trukaketarako bideak zabaltzea. 700 bat pertsonaren eta 12 adituren ekarpenak laburbilduz egin zituzten gomendiook, eta desarmea, preso eta iheslarien etxeratzea, giza eskubideen bermea eta iraganari aurre egitea dira bertan gai nagusiak.

Batzordeak, bake prozesua sustatzeko, Lokarriren eta Bake Bidearen baliabide teknikoak eta operatiboak izango ditu. "Zailtasun eta oztopoen aurrean, gizarteak bake justu eta iraunkor baterantz aurrera egiteko ardura eta aukera ditu. Ardura hori onartu eta gure egin behar dugu, eta aukera hori baliatu. Ezin dugu itxaron inork gure izenean lan horri ekin diezaion. Ez litzateke bidezkoa izango, ezta demokratikoa ere", esan du Dufauk.

Gabonak igaro ondoren egingo dute lehen bilera, egitasmoak eta lanen egitaraua zehazte bidean. Iragarri dutenez, gainera, gizartearen parte hartze zuzena ahalbidetzeko ekitaldiak aurkeztuko dituzte datozen asteetan.

Lokarrik eta Bake Bideak gogorarazi dute 2013ko maiatzean aurkeztu zutela Foro Sozialaren hamabi gomendioak barne biltzen dituen metodologia: desarmea, preso eta iheslarien etxeratzea, giza eskubideen bermea eta iraganari aurre egitea ziren bertan gai nagusiak, eta batzorde horren lana gomendio horiek zabaltzea eta kudeatzea izango da. Gai horiei buruz ariko dira otsailean Baionan egitekoa den bake foroan ere.

"Denon laguntza da ezinbestekoa"

Batzordeko kide Henri Duhal, Anne Marie Bordes eta Maite Perez Larumbek ere hartu dute hitza Aieteko aurkezpenean. Guztiak batzen dituena bake prozesuarekiko "ardura eta konpromisoa" dela nabarmendu dute, eta azaldu horregatik onartu dutela Foro Sozialaren gonbidapena: "Ezinbestekoa da denon parte hartzea eta laguntza bizikidetzarako bidea eraiki ahal izateko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.