Euskal Herrian bake prozesua sustatzearen aldeko Friendship taldeak hainbat eskari egin ditu, Aieteko Adierazpenaren harira argitaratutako ohar batean. 2011ko urriaren 17an eginiko bilkura hura Euskal Herriko gatazkaren konponbiderako prozesuan "mugarri" bat izan zela adierazi du taldeak, eta martxoan eginiko konferentzia batean Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohiak esandakoa plazaratu du Friendshipek: "Ezin dugu gatazka bat besterik gabe desagertzea nahi izan. Amaieran konpromisoa haru behar duzu; arazoa konponduko bada, hitz egin behar duzu". Aieteko Adierazpenean ezarritako bide orriari erreparatu eta elkarrizketara deitu ditu Friendshipek Frantzia eta Espainia.
Torturen arloan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Martxelo Otamendiren alde emandako ebazpena ere hizpide izan du. "Ahalik eta arinen, Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Komiteak emandako gomendioak aplikatzea" galdegin dio Friendshipek Espainiari.
Halaber, Europako Batasunari Bakearen Nobel saria eman diotela eta, taldeak adierazi du sariak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean ekarpena egiteko "pizgarri" izan behar duela, eta bake prozesuan "aktiboki" parte hartzeko eskatu dio EBri.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei dagokienez, "gatazkarik gabeko aro berri bat eraikitzen laguntzeko", eztabaidatzeko deia egin diete hautetsiei.