ETAren jardun armatuaren amaiera. Elkarrizketa. Rosa Lluch. Ernest Lluchen alaba

«Bake prozesuan biktimei ez dagokie toki berezirik»

ETAk «min handia» eragin duela aitortu behar duela uste du, eta biktimek ez dutela toki berezirik izan behar prozesuan, «burua hotz izan gabe ezinezkoa baita erabakiak hartzea».

Antoni Batista.
Bartzelona
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ernest Lluchen hilketaren hamargarren urteurrenean haren omenezko ekitaldiugari ikusi ditu. Haren familiak zuhurtasunez jokatu izan du beti: ez da maiz agertu hedabideetan, eta inoiz ez du ahotsik altxatu. Atzo, ordea, egun berezia zen. Amestutako eguna, Rosa Lluch Ernest Lluchen alabarentzat, Bartzelonako Unibertsitateko Erdi Aroko Historia irakaslearentzat.

Zer sentitzen duzu ETAk armak behin betiko utzi eta gero?

Oso-oso pozik nago. Egun garrantzitsua da nire bizitzan, aspalditik itxaroten ari nintzen eguna. Niretzat, egun historikoa da.

Donostiako bake konferentziak prozesua abiarazi du...

Bai, hala izan da, baina konferentziak ez nau bete, uste baitut urte hauetan gertatu dena ez dela bi alderen arteko gatazka izan; batzuen gatazka da, eta besteak atoian joan dira. Hori esanda, uste dut eskuzabaltasuna beharrezkoa dela, historiako une erabakigarria dela eta, gutxiago ala gehiago gustatu arren, eskuzabaltasunez kudeatu behar dela. Badakit gustatuko ez zaizkidan gauzak egongo direla, baina etorkizunera begira eskuzabalak izan behar dugu.

Nola zehaztuko zenuke eskuzabaltasun hori?

Presoek familiengandik gertu egon beharko lukete, eta espetxe arloan legediak ematen duen guztia egin beharko litzateke; besteak beste, ikasketengatik edo lanarengatik zigorrak murriztea, hiru laurdena betetakoak baldintzapean aske uztea eta preso gaixoen kasuan tratu pertsonalizatua ematea. Uste dut Barajasko atentatuak elkarrizketa prozesua apurtu ez balu Zapaterok horixe egingo zukeela. ETAko presoek gainontzeko presoen antzekoak izan behar dute.

Ezker abertzalearekiko eskuzabaltasunaz ari zara, baina uste duzu horierrazteko beraiek keinuren bat egin behar luketela?

ETAk eragindako mina onartu behar du, ez dakit mea culpa baten bidez, barkamena eskatuz edo zein formularen bitartez, baina onartu behar dute min handia eragin dutela, eta haiek eragin duten mina eta haiek jasan ahal izan dutena parekatu gabe, gauza desberdinak izan behar dira. Etaaitorpen hori gizarte osoari egin behar diote, ez soilik biktimei; gizarte osoa izan baita ETAren biktima, kalte handi-handia eragin du... Lehenik pertsonei, argi dago, baina baita industriari, garapenari eta bizikidetzari ere, besteak beste. Ez da soilik biktimen arazoa, ETA guztion arazoa izan da.

Biktimen elkarte kanonikoek, AVTk bereziki, gogor kritikatzen dute bake prozesua. Porrotaz hitz egiten dute, garaileez eta garaituez. Nola ikusten duzu zuk?

Inoiz ez dut sentitu AVTk ordezkatzen nauenik. Badirudi biktima elkarte batzuek erresuminetik jarduten dutela. Uler dezaket, baina ez dut bat egiten, eta ez dut partekatzen.

Biktimek zein toki izan behar dute bake prozesuan?

Biktimek ez dute toki berezirik izan behar bake prozesuan, ETAren amaieran, indarkeriaren amaieran... modu askotara izendatu daiteke. Hori guztia konpondu egin behar da; orain une egokia da horretarako, eta guk, gure oinazearekin, ezin dugu beharrezkoa den buru hotzik eduki; burua hotz izan gabe ezin dira erabakiak hartu, eta terrorismoaren ondorioak gehien jasan izan ditugun pertsonok ez daukagu burua hotz. Biktimek ez dute ETAren amaiera prozesuko protagonistak izan behar, baina kontuan hartu behar dira.

Zein izan da zure bilakaera pertsonala aitaren hilketaz geroztik igaro diren ia 11 urteotan?

Hasieran shocka zen, guztiz jota utzi ninduena. Aldaketa guztiz izugarria da, eta, gero, distantziak gauzak lasaiago ikusteko aukera eman dit. Baina askorik aldatu ez zaidana da euskal arazoa konpontzeko ahal zen guztia egin behar zen ikuspegia.

Zure aitak elkarrizketa bultzatzen zuen. Gemma Niergak, mezua bere eginda, elkarrizketa aldarrikatu zuen hilketaren harira Bartzelonan egindako manifestazio jendetsuan. Begirada hura Aznarren begietara...

Arazoa konpontzeko ahal den guztia egin behar da, eta hitz eginez konpontzen da jendea. Baina ez da berdintasunetik hitz egin behar, ez gaudelako berdinen arteko gatazka baten aurrean, batzuek egin eta beste batzuek jasan dituzten eraso terroristen aurrean baizik. Aita elkarrizketaren alde zegoen, eta bidezko iruditzen zitzaiona egin zuen.

Indarkeriarik gabe, Euskal Herrian jokaleku politikoa alda daiteke—gehiengo independentista egon daiteke parlamentuan—; ETAren garaipentzat jotzen dute askok hori.

Begira, horixe da demokrazia, gehiengoen eta gutxiengoen arteko jokoa. Ni ez naiz independentista, baina euskaldunek horren alde bozkatzen badute, errespetatu egin beharko da, jokoaren arauak dira. Ez zait iruditzen, baina uste dut EAJren eskuinak eta ezker abertzaleak elkarrekin sortutako gehiengo arraro hori batez ere egungo egoeraren ondorio dela, Espainiaren malgutasun urriko ideiaren aurrean aurkitzen dituztela elkartzeko arrazoiak, ezker-eskuin ardatza apurtuz. Baina, orain, nolanahi dela ere, gehiengo independentista posible bada —eta hori oraindik ikusteko dago—, ez dakit zer gertatuko den hamar urte barru, konfrontazioa hozten denean. Itxaron egin beharko da demokrazia guztiz normalizatu arte, orduantxe ikusi ahal izango dugu zenbateraino eman dezakeen euskal independentismoak.

Ara egunkariak kaleratutako elkarrizketa da hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.