Konponbiderako bidean itxaropenerako zenbait elementu sumatzen dituela agertu du Balzak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, hala nola, Batasunak mezua "egokitu" duela Anoetako Proposmenetik aurrera, "terrorismoari buruzko ikuspegia" aldatu egin dela iritzi publikoan, eta PPk ezik Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten gainerako alderdi guztiek balizko elkarrizketa baterako babesa eman ziotela Zapateroren Gobernuari. "Klabe horiek guztiak duela hiru urte ez zegoen akera bat osatzen ari diren detaileak dira", esan du Balzak.
Dena den, ETAk lehenbailehen indarkeria baztertzeko urratsa egin behar duela erantsi du, osterantzean, "lehenago edo beranduago" saioak porrot egingo duela argudiatuta. Ildo horretatik, horrelako prozesu guztietan "une korapilatsuak" bizi izaten direla iritzi dio Balzak, eta ziur aski, egungoa une korapilatsu horietako bat dela.
Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak garrantzia handia eman dio Espainiako Kongresuan indarkeriarik gabeko egoera batean Gobernuari ETArekin elkarrizketatzeko babesa ematen dion ebazpenari, eta EAJren eta Zapateroren Gobernuaren artean bake prozesuarekiko estrategia politikoari dagokionez adostasun handiak daudela nabarmendu du. EAJk ebazpen hura ez zuela "altruismoagatik" babestu azpimarratu du Balzak, "baizik eta estrategia politikoan bat gentozelako".
Nolanahi ere, ETAk azkenaldian egin dituen atentatuak gogor gaitzetsi eta kritikatu ditu Herrizaingo sailburuak. Ildo horretatik, ETAk "betiko mezuari eta betiko estrategiari" eusten diola iritzi dio, "bere historian beti eman dituen mezu berekin, aurrerako bilakaerarik gabe". Aldiz, Batasunaren mezuan aurrerako urratsak sumatzen ditu Balzak: Anoetako Proposamena plazaratu zuenetik "mezu politikoa asko egokitu" duela uste du. Hori dela eta, Batasunaren eta ETAren artean kontraesana sortu dela azpimarratu du: "Batasunak mezua egokitu baitu, eta ETAk betikori, indarkeriari, eusten baitio".
Egun ETAren erasoen jomuga enpresaburuak direla oroitarazi du Balzak, eta oharrarazi du Jaurlaritzak ez duela onartuko bake prozesuan kolektibo mehatxaturik egoterik.
Espetxe politikari dagokionez, Balzak adierazi du presoen egoera hobetzea ez dela bake prozesuan aurrera egiteko modu bat, baizik eta horren aurrekoa beharko lukeela. Hau da, PPk egin zituen aldaketen ondorioz, gaizki dagoela Espainiaren espetxe politika, eta aldatu egin behar dela prozesuan aurrera egin edo ez.
Politika