Jennifer McCann. Sinn Feineko kidea

«Bake prozesuei pragmatismo handiagoa ematen diete andreek»

Irlandako bake prozesuan emakumeek izandako parte hartzearekin pozik dago Jennifer McCann Sinn Feineko kidea.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Leitza
2012ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
«Emakumeek hobeto komunikatzen dute, eta jendea batzeko gaitasun handiagoa dute». Sinn Feineko kide Jennifer McCannek horrela azaldu du zergatik den funtsezkoa emakumeek bake prozesuetan parte hartzea. Irlandakoa bertatik bertara ezagutu zuen, eta andreek «ekarpen handia» egin ziotela dio. «Orain, emakumeen parte hartze politikoa handitzeko ari gara lanean». McCann Leitzan izan da (Nafarroa), Emakume Abertzaleen V. Topaketetan.

Zein ekarpen egin zioten emakumeek Ipar Irlandako bake prozesuari?

Ekarpen handia egin zioten bake prozesuari. Izan ere, bakea lortzeko ez ezik, berdintasunaren eta emakumeen eskubideen alde borrokatu ziren. Hori azpimarratzekoa da. Egun, pixkanaka gero eta parte hartze handiagoa izaten ari dira andrazkoak hango politikan, eta hori ere garrantzitsua da. Botere guneetan gero eta leku handiagoa izan behar dute emakumeek.

Prozesuan izandako parte hartzea nahikoa zela iruditzen zaizu?

Nik esango nuke baietz. Izan genuen parte hartzearekin pozik nago ni, behintzat. Gatazkaren momenturik gogorrenetan emakumeek eskubide zibilen mugimenduan aktiboki hartu zuten parte. Gose greba egin zutenakizan ziren. Bake prozesua hasi zenean, emakumeon garrantzia eztabaidaezina izan zen. Hastapenetik hartu genuen parte negoziazioetan, eta gogotik egin genuen lan. Alde horretatik, nik, behintzat, ez dut uste kexatzeko arrazoirik dagoenik, nahiz eta beti den desiragarria parte hartze handiagoa edukitzea.

Zer eman diezaioke emakume batek bake prozesu bati?

Emakumeen parte hartzea oso garrantzitsua da, prozesuari pragmatismohandiagoa ematen diotelako. Negoziazioei balio praktikoagoa ematen diete andreek, eta hori funtsezkoa da urratsak egiteko. Gainera,hobeto komunikatzen dute, eta jendea batzeko gaitasun nahiz erraztasun handiagoa dute. Hori da konponbidearen gakoetako bat: hitz egitea, elkartzea. Bide horretatik lortzen dira akordioak eta adostasunak.

Zer iruditzen zaizu Euskal Herrian bake prozesua sustatze aldera alderdi politiko ezberdinetako emakumeeksortu zuten mugimendua, Ahotsak?

Egia esan, ez nuen ezagutzen. Baina uste dut halakoak ezinbestekoak direla. Ez bakarrik pentsaera desberdinak dituzten emakumeak biltzen direlako, baizik eta balio dutelako emakume gehiagok prozesuan parte har dezaten. Nolabait, beste emakume batzuk erakartzea lortzen dute, eta zenbat eta gehiago izan, hobe. Irlandan ere, bake prozesua amaitu aurretik, bi aldeetako emakumeek egin zuten bat. Nahiz eta ideologia desberdinak izan, emakumeek beti izan dute batzeko gaitasuna. Errazago gainditzen dute iritzi desberdinak izatea.

Behin bake prozesua finkatuta, zein izan behar du emakumearen egitekoa?

Kasuan-kasuan aztertu beharko litzatekeela iruditzen zait. Baina, oro har, emakumeen parte hartze politikoa handitu beharko litzatekeela uste dut. Izan ere, populazioaren erdia-edo izan arren, gero hori ez da islatzen ordezkaritza politikoetan. Bake prozesuetan izan ohi duten garrantzia aitortu behar zaie jardun politikoan ere andrazkoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.