Aralarren izenean, konponbidea sustatzeko konferentzian parte hartu zuen Rebeka Ubera alderdiko antolakuntza idazkariak, astelehenean.
Zer iritzi diozu konferentziaren inguruan PSOEk eta PPk agertu duten jarrerari?
Konferentzia mespretxatzen eta gutxiesten saiatu dira, baina ez dute lortu. Ez dute lortu konferentzia urrats kualitatibo bat izan delako, eta hortik atera diren ondorioek beste maila batean uzten gaituztelako. Pena izan da alderdi guztiek parte hartu ez izana, eta, bereziki, Patxi Lopezen hutsunea nabaritu dut. Ez du maila eman. Lehendakariaren zeregina izan behar du bakea eraikitzen laguntzea eta, herritar guztien lehendakaria den heinean, lidergoa erakustea. Baina hau geldiezina da. Honek ez dauka atzera bueltarik, eta behartuta egongo dira mugitzera.
Zein unetan dago bake eta normalizazio prozesua?
Garbi dago atzetik lan bat dagoela. Guk argi daukagu Gernikako Akordioa mugarri bat izan dela prozesu honetan. Eta Aralar hor egon da. Gure ustez, ibilbide orri bat da bakea eta normalizazio politikoa lortzeko. Baina, horrez gain, ekarpen guztiak ongi etorriak izango dira, prozesua guztion artean egin behar delako.
Sukalde lana aipatu duzu. Nolakoa izan da?
Argi dago hemen lan bat egin dela. Hor dago Gernikako Akordioa, nazioarteko eragileen lana... Hau ez da egun bateko lana. Elkarrizketa asko egin dira. Baina hemen garrantzitsuena da herriak bakea eskatzen duela. Hemen denak gara beharrezkoak eta hemen bake iraunkorra eta benetakoa lortzeko berdintasunean parte hartu beharko dugu denok.
Zer garrantzia dauka gatazkaren internazionalizazioak?
Hemen gatazka bat dagoela erakuste du horrek. Onarpen bat da, eta, aldi berean, berme bat. Nazioarteko eragileak arduratzea gure gatazkarekin gatazka konpontzeko bidean jartzeko berme bat da. Argi dago, baina, guk, euskal herritarrok, eraiki behar dugula bakea. Kanpotik ezin digute ezer inposatu, ezta bakea eraiki ere. Baina laguntza eskain dezakete egon daitezkeen trabak gainditu eta elkarrizketak bideratzeko.
Azken egunetako adierazpenei erreparatuta, PSOE eta PP gatazkarik badela ere ukatzen ari dira.
Guk garbi daukagu hemen gatazka bat dagoela eta hori konpondu behar dela. Horren datu objektiboak dira gatazkak ondorio batzuk izan dituela: presoak eta biktimak. Biak dira txanpon bereko bi aurpegiak. Hemen giza eskubideak urratu dira, eta jatorriak ezberdinak izan dira. Kanpora begira esaten dute hemen gatazkarik ez dela egon, baina hartu dituzten neurriek agerian uzten dute gatazka egon badagoela, gatazka bat dagoela aitortzen dute. Hemen salbuespenezko jokabideak, epaitegiak eta legediak egon dira. Hori ez bada gatazka baten erakusle, ez da ulertzen.
Ebazpenean eskaera egiten zaie ETAri eta gobernuei. Zer erantzun espero duzue?
Erantzun positiboa espero dugu, eta ahalik eta azkarrena izatea nahi dugu. Ebazpenean garrantzitsuena da aldebakarreko urratsak eskatzen direla; hori da bermea. Giza eskubideen errespetuaren bermea, demokraziaren bermea, bake iraunkorraren bermea.
Hauteskundeen gertutasunak nola baldintzatzen du prozesua?
Alderdikeriaz jokatzeko arriskua hor dago. Gakoa da guztiok ausardiaz jokatzea, eskuzabaltasunez, eta azkenean prozesu inklusibo bat bideratzea, alderdikeriak albo batera utzita.
Zer ekarpen egin du Aralarrek eta aurrera begira zein zeregin bete nahi du?
Aralarrek beti aldarrikatu izan du aldebakarrekotasuna, eta hori hor dago. Bide soilik politikoen aldeko apustua egin zuen Aralarrek, eta garbi ikusi da ezker abertzaleko beste sentsibilitatea Aralarren espazio ideologikora etorri dela. Lehia ideologiko hori Aralarrek irabazi du, nahiz eta lehia politikoa beste sentsibilitateak irabazi. Zalantzarik gabe Aralarren ekarpen ideologikoa funtsezkoa izan da, eta hala izango da aurrerantzean ere.
Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Elkarrizketa. Rebeka Ubera. Aralarren Antolaketa idazkaria
«Bakea iraunkorra izan dadin, denok parte hartu beharko dugu prozesuan»
Rebeka Uberaren arabera, «urrats kualitatiboa» da astelehenean egindako nazioarteko konferentzia. Aralarreko kideak uste du ETAk eta gobernuek erantzun positiboa emango diotela ebazpenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu