Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Bakea «ospatuko» du EAJk igandeko Alderdi Egunean

Urkulluk krisia, bakegintza eta autogobernua izango ditu hizpide nagusi Forondako ekitaldian

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
EAJren 35. Alderdi Eguna «ETAren mehatxurik gabe» egingo den lehenengo gisa biziko dute jeltzaleek. «Aurreko 34 aldietanaldarrikatu dugu bakea lortzeko beharra», azaldu du Pilar Garcia de Salazar EAJren EBBko idazkariak egunaren aurkezpena egiterakoan. «Oraingoan, bakea eta normalizazioa bizikidetzan finkatzea izango da aldarrikapena». Aldaketa nabaria izanik, berezia izango da aurtengo ospakizuna idazkariaren esanetan: «Bakea ospatuko dugu». Bakea eta normalizazio politikoaz gain, krisia gainditu beharra eta autogobernua areagotzeko nahia izango ditu hizpide nagusi Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidente eta lehendakarigaiak, igande eguerdian egingo duen hitzaldian.

Euskadi berpiztu hartu du lelotzat EAJk bere egun handirako. «Euskadi aro politiko, instituzional, sozial eta ekonomiko berrian» dagoela-eta, «bultzada berri bat» behar dela ohartarazi nahi du leloarekin. Garcia de Salazarrek Joseba Aurrekoetxea EBBren Antolakuntzarako arduraduna alboan duela egindako agerraldian azaldu duenez, «Euskadi bake, elkarbizitza demokratiko eta normalizazio politikorako aro baten aurrean» dago, eta horri, «zintzotasun, gardentasun eta egiarekin» heldu behar zaio. Horretarako prest dagoela dio EAJk. Ez duela «beteko ez duen ezer aginduko», eta konponbiderako bidean lan egingo duela.

Krisialdi ekonomikoari dagokionez, atzean uzteko«beharrezko itunak» egingo dituela adierazi du. «Lortuko dugu, lehenago ere egin genuen bezala». 80 eta 90. hamarkadetan ere krisialdi ekonomikoak izan zirela eta Euskal Herriak horietatik ateratzen jakin zuela nabarmendu du.

Urkulluk hizpide hartuko duen hirugarren gai nagusiari dagokionean, autogobernuan sakontzeko beharrari buruz mintzatuko dela aurreratu du Garcia de Salazarrek. Hala ere, EAJk «munduan onarpen eta presentzia propioa izango duen Euskadin» sinesten duela ziurtatu du. «Bere etorkizunaren jabe izango den eta Europari begiratuko dion Euskadi parte-hartzaile eta anitzaren alde» egiten duela.

Ehun mila lagunen esperoan

Azken urteetan bezala, ehun mila lagun espero ditu EAJk Forondan. Horretarako 400.000 metro koadroko eremua atontzen ari dela jakinarazi du EBBren idazkariak, eta 90 lagun ari direla lan horretan duela hilabetetik. Lur eremu erraldoi horietatik 130.000 metro koadrojai gunerako izango dira, eta 25.000 karpek hartuko dituzte. Gainontzeko lekua, aparkalekuentzat zein bestelako zerbitzuentzat gordeko da.

EAJren uri batzarretako kideek 30 txosna jarriko dituzte, eta, bestetik, 132 jantokitan 20.000 lagunentzako adina bazkari prestatuko dira. Ohi denez, elkartasun tonbola ere egingo dute; aurten, Gasteizko Bizitza Berria elkarteari emango diote bildutako dirua. Kantaldi erraldoia ere egingo du EAJk. «Ehun mila lagunen abesbatzak» Bagare abestia kanta dezan saiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.