2008ko abenduan Jose Migel Beñaran Argala oroitzeko Arrigorriagan egin zen ekitaldi politikoan parte hartu izanagatik, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zuten atzo Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea. «Terrorismoa goratzea» egotzi, eta urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du fiskalak barerentzat; Dignidad y Justicia (DJ) elkarteak, bi urtekoa. Horrez gain, zortzi eta hamabi urteko inhabilitazioak proposatu dituzte fiskalak eta DJk, hurrenez hurren. Aurrez zuen ustea indartuta itzuli da etxera Erkizia: «Epaiketa hau egiteko arrazoi bakarra, ideia politiko batzuk jazarrita daudela da». Euskal Herrian bake eta normalizaziorako aukera historikoa dagoela esan dio epaileari, eta aukera baliatzeko eskatu die alde guztiei: «Aukera bideratu ahal izateko denok inplikatu behar dugu».
Epaiketaren amaieran, azken hitza emateko aukera baliatuta esan ditu horiek Erkiziak, Auzitegi Nazionalean. «Goizeko bostetan Bilbotik atera naizenean pentsatu dut zein delitu egin ote dudan modu honetan Madrilera, epaiketa batera, joan behar izateko, eta arrazoi bakarra topatu dut», esan dio Javier Gomez Bermudez buru zuen epaimahaiari: «Independentismoa jazarria dagoela Estatuaren aldetik».
Susmoa egiaztatu zaio Erkiziari epaiketan, ekitaldi hartako mezua ezkutatu dutela ikusi duenean. «Prozesuaren hasierako hitzaldia» izan zen Arrigorriagan eman zuena, akusatuaren beraren hitzetan, eta ezker abertzaleak «argi du hartutako bide horretatik egin behar dela aurrera». Beste alde batzuk, ordea, bidea oztopatu nahian ikusten ditu.
Oharra igorri du, hargatik, epaiketa gelatik: «Euskal Herrian bake eta normalizaziorako aukera historiko baten aurrean gaude, baina hori bideratu ahal izateko denok inplikatu behar dugu. Ezker abertzaleak determinazio osoa du, baina beste alde eta eragileena ere behar da».
Elkar ulertzearen alde egiteko eskatu du, beraz: «Bakea ez da etorriko irabazle eta galtzaile eskematik; ez da inposaketatik etorriko, errespetutik baizik. Eta horrek esan nahi du pentsaera politiko guztietako aukerek berme bera izan behar dutela haien proiektuak garatu ahal izateko».
Ezker abertzaleak «gogoeta sakona» egin behar zuela azaldu zuen Erkiziak 2008ko ekitaldi hartan; «Estatuari min gehien egiten dion bidea, politikoa, hartu behar dela»; eta indar metaketa eta «herri aktibazioa» ezinbesteko direla.
Akusazioek ekitaldiko bideoa jarri zuten epaiketan, froga gisa. Erkiziaren mezua, ordea, moztua zegoen. Argalari lore bat nola eskaini zion eta «Gora Argala» nola esan zuen besterik ez zuen erakusten bideoak. Hildakoaren anaiak azaldu zuen ekitaldi hori familiak antolatzen duela urtero, atzean ez dagoela ETA, eta ez dela inolaz indarkeria goratzen.
Bakea sustatzeko eskatu du Erkiziak Madrilen, epaiketan
2008an 'Argala' oroituz egindako ekitaldian parte hartu izanagatik epaitu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu