EAJren ustez, «berezia» izango da aurtengo Aberri Eguna. Sekula baino gehiago ospatzekoa. «Bakean bizi garen lehen Aberri Eguna ospatuko dugu», azaldu du zergatia Andoni Ortuzar BBBko presidenteak, ekitaldia aurkezteko agerraldian. Lehen Aberri Eguna egin zenetik 80. urteurrena beteko da aurten, eta, ordutik, «guda aldian, diktaduraren menpean edo terrorismo garaian» egin dela adierazi du. Eta nabarmendu du «lehen aldiz, indarkeriaren mehatxurik gabe, aukera politiko guztiak aldarrikatu daitezkeela» egingo dela.
ETAk jardun armatua bertan behera utzi zuela iragarri zuenetik ia sei hilabete igaro direla gogorarazi du, eta horrek egoera berri bat ekarri duela: «Lehen aldiz, indarkeriaren mehatxurik gabe, aukera politiko guztiak aldarrikatu daitezke: erabakitzeko eskubidea, euskal burujabetasuna eta independentzia, euskal nazioaren etorkizuna bermatzeko».
EAJren «jatorrizko helburua» horixe dela esan du; «Euskadiren erabateko burujabetza» nahi duela, «Europako gainerako herriekin aukera berdintasunean» aritu ahal izateko. Hala ere, erronka nagusitzat hartu du 2015. urterako «Euskadirentzat estatus politiko berria» lortzea : «Lau urte ditugu aurretik».
Ohi denez, Bilboko Plaza Barrian egingo du Aberri Eguneko ekitaldi nagusia EAJk. 11:30ean hasiko da ekitaldi politikoa Aberri bizia. Más nación —Nazio gehiago— lelopean, eta Iñigo Urkullu EBBko presidentea izango da hizlari nagusia. Ondoren, bazkaria izango dute, «senide artean».
«Mantis religiosa»
Eguneroko politikagintza ere hartu du hizpide Ortuzarrek, kazetarien galderei erantzuterakoan. Aralarren liskarrei buruzko iritzia eskatu, eta «errespetuagatik» ez duela adierazpenik egingo esan du; «egoera ahalik eta hobekien konpontzea» desio duela besterik ez. Ezker abertzaleari ez dio, ordea, errespetu bera erakutsi, haren aurka egiteko baliatu baitu galdera: «Ezker abertzalea teorikoki abertzaleen arteko batasuna bultzatzen ari da denbora luzean, baina azkenean, berarengana hurbiltzen direnak zatitzea besterik ez du lortzen. Mantis religiosabezalakoa da: hurbiltzen zaion guztia jan edo desegiten du».
Gainerako alderdi abertzaleak Aberri Egunean Iruñean elkarrekin egongo direla gogorarazterakoan, «bakoitzak egokien ikusten duen moduan ospatu dezala», erantzun du.
«EAJ erromeriara doa»
Ortuzarren adierazpenei erantzuteko, ohar bat kaleratu du ezker abertzaleak. EAJk igandean «erromeria» bat besterik ez duela egingo aurpegiratu dio. Izan ere, ezker abertzalearen ustez, «Espainiako Estatuaren eredura egokitzeko apustua» besterik ez du EAJk, «euskal herritarrek euskal estatua eraikitzeko duten gogoari muzin eginda». Dioenez, Espainiarekiko «hipoteka politiko, ekonomiko eta instituzionalen menpe» dagoelako ari da horrela.
Ezker abertzaleak esatera, jeltzaleek ez dute «inolaz» ere nahi euskaldunen arteko adostasuna; «akordioak Madrilen nahi ditu, helburu bakarrarekin: boterean jarraitzea, hurrengo lehendakaritza eskuratzea». Hala, ezker abertzalearen ustez, EAJk «subiranisten eta independentisten aliantzari» eta indar metaketari «beldur» die, badakielako «alternatiba erreala eraikitzen» ari dela.
Bitartean, «EAJren aberri bizi bakarra EAJ bera eta boterea» direla adierazi du. «Baina ziur gaude bizi dugun garai berri honetan euskal jendarteak jakingo duela bakoitza bere tokian jartzen».
«Bakean bizitako lehen Aberri Eguna» bereziki ospatuko du EAJk
Bilboko Plaza Barrian egingo du ekitaldi politikoa 'Aberri bizia. Nazio gehiago' lelopean, eta Iñigo Urkullu izango du hizlari«Hurbildutakoak jatea» egotzi dio ezker abertzaleari, eta horrek botere gosea EAJri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu