Patxi Lopezek AEBetatik erantzun dio gaur Jesus Egigureni, horrek egin dizkioen kritiken ostean. Lehendakariak esan du berak ez duela Egigurenen iritziarekin bat egiten eta beti "kiskali" dela bakearen alde; bakea bere "obsesio" izan dela gaineratu du. Bide batez berak eta Eusko Jaurlaritzak Egiguren "beti" babestu dutela adierazi du Lopezek, PSE-EEko presienteak ez dutela ulertzen salatu ondoren.
Lehendakariarekin oso kritiko agertu da Egiguren gaur El Periódico de Catalunya egunkariak kaleratu duen elkarrizketan. Egigurenek dio Lopezek gehiago arriskatu behar zuela, dena eman, "baita erreko bazen ere eta Madriletik egurra emango bazioten ere". Hausteleek horretarako aukeratu zituztela dio, eta politikariak etorkizuna aurreikusten jakin behar duela. Lehendakariak zuhurregi jokatu duela dio Egigurenek.
"Tsunami abertzalea"
Egigurenek esan du beti amestu duena bizitzen ari dela, baina penatuta agertzen da "batzuk" ez dutelako ikusi aurrean izan duten aukera eta "ez dira konturatu bakearen unea zela". Ondoren zehazten du horiek Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza direla, eta orain dela lau urte ez bezala, zuhurregi jokatu dutela orain. "Bilduri aurrea hartzeko aukera eman dio horrek, bakearen bandera bere eginez, eta horrek tsunami abertzalea eragingo du".
Bere alderdian ez dutela ulertu salatzen du Egigurenek, eta mugak izan dituela. "Eta isildu beharra izan dut lehendakariari kontra ez egitearren. Bere hitzetan "Batasunak" zeharkatu du "muga", eta Arnaldo Otegi zergatik dagoen espetxean ez duela ulertzen. "Legea betetzeko dago, baina horrekin jokatu daiteke", esan du. Egigurenek azaltzen du lehendakariak ez ziola jaramonik egin "Batasunak" batzarretan "indarkeriari uko" egitea erabakitzen ari zela esan zionean.
ETAk konferentziaren ondorioekin bat egingo duela uste du
ETAren balizko agiri batez esan du Egigurenek ez duela desegingo dela esango. Bere ustetan Aieteko konferentziaren ondorioekin bat egingo du, "eta hori asko da". Indarkeria amaitu dela dio PSE-EEko presidenteak, eta politikariek amaiera hori antolatu behar zutela, "ez negoziatu", besteak beste, espetxe politika aldatuz: "Azken finean ETA presoak dira, eta presoak dauden bitartean, ETA dago. Logikaz, etxetik gertu egon beharko lukete".