AURORE MARTINEN ATXILOKETA

Bakearen alde lanean jarraitzera eta "probokazioei" ez erantzutera deitu du Bake Bideak

Aurore Martinen auzian Frantziako Kontseilu Konstituzionalera jotzeko lanean ari direla iragarri du Frederic Espagnac PSko senatariak, Bake Bideak goizean eginiko agerraldi batean. Alderdi, sindikatu eta gizarte eragileetako 70 ordezkari baino gehiago izan dira prentsaurrean.

Nora Arbelbide Lete.
2012ko azaroaren 3a
18:13
Entzun

UMP alderditik komunisteraino, kolore guztietako abertzaleak eta tokiko sozialistak mahai beraren inguruan elkarturik, Aurore Martin askatzeko eskatu dute aho batez gaur goizean, eta François Hollande Frantziako presidentearen gobernuari kontuak eskatu dizkiote zuzenean. Bereziki, bakearen alde egiten ari den lanean jarraitzearen beharra berretsi dute. Bake Bidearen izenean agiria irakurri du Peio Dufauk (CGT): "Jendarte osoan eta, bereziki, Bakea Bidearen barruan sortu den emozioaren gainetik, bakearen eta elkarrizketaren alde egiten dugun lanaren segitzeko determinazio osoa dugu".

Une historikotzat jo dute batek baino gehiagok goizeko prentsaurrekoa. Emozioa senti zitekeen, eta solanitate anitz bataren eta bestearen hitz hartzeetan. Eskandalizaturik agertu dira denak, eta "probokazioei ez erantzutera" deitu dute.

Sozialisten izenean hitz egin duen Frederic Espagnacek azpimarratu du Martin atxilotzeko eta Espainiaratzeko erabakia ez dutela ulertzen, eta ondoko egunetan Jean Marc Ayrault Frantziako lehen ministroarekin biltzera eskatuko dute, "egoera argi dezan", Aurore Martinen atxiloketaz gain, Manuel Valls Frantziako barne ministroaren adierazpena.

Frantziako Kontseilu Konstituzionalera jotzeko lanean ari direla iragarri du, Sylviane Alaux eta Colette Captevielle diputatuekin.

Senatuan, Frantzia eta Espainiaren arteko laguntasunaren taldeko presidente gisa, Espagnacek bere aldetik erregularki dituen solasetan segituko duela eta gai horri buruz partikularzki galde eginen diela zehaztu du. Eskatu du baita Frantziako enbasadorea joan dadin Martinen ikustera: "Sinpleki, atzerrian dagoen frantses bat delako. Eta horrelako kasu guztietan bezala, enbasadorearen lana da atzerrian dagoen frantses bat babestea, jakitea nola dagoen Aurore Martin, zerbaiten beharra duen. Frantses estatuaren betebehar bat da hori".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.