Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak eman du ekimenaren berri atzo eskainitako prentsaurreko batean. Azaroaren 6an urtea eginen du Eusko Legebiltzarrean 18.000 sinadura aurkeztu zituela, bakearen eta normalizazio politikoaren aldeko prozesua desblokeatzeko eskatuz. Horri jarraipena emanez dator beste ekimen hori, Lokarriren arabera, «euskal gizartea aski heldua baita bere nahia erakusteko era demokratikoan, baketsuan eta zuzenean».
Galdera bakar bati erantzun beharko diote gernikarrek. «Komenigarria eta zilegi iruditzen zaizu herri kontsultak egitea, bake prozesua bultzatzeko eta bazterkeriarik gabeko elkarbizitza demokratikorako akordio demokratiko bat exijitzeko?». Herri galdeketen balioa da mamia. Baina urriaren 25ean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egin nahi zuenak bezala, bi ardatz ditu: alde batetik, bake prozesua, eta, bertzetik, elkarbizitzarako akordio politikoa.
Gisa horretako ekimenak egiteko «premia» ikusten du Riosek, gaur egungo egoera ikusita. «Indarkeria, giza eskubideen urraketa, bazterkeria, ukazioa, elkarrizketarekiko konfiantza eza eta adostasunen suntsiketa pairatzen ari gara. Bizikidetzarako arazoen konponbidea oztopatu besterik ez da egiten horrela». Horren aurrean herri galdeketa bidea dela uste du, «komenigarria da bakea, elkarrizketa eta hitzarmenaren alde aurrera egiteko». Herri galdeketa egiteko Gernika hautatu du Lokarrik, herri sinbolikoa baita haren koordinatzailearen erranetan. Ondotik bertze herri batzuetan eginen dela espero du.
Antolaketari begira, hasteko, ekimenaren oihartzuna zabaltzeari ekinen dio Lokarrik. 20.000 eskuorri igorriko ditu ekimena egiteko beharrezkoak ikusten dituen 300 laguntzaile biltzeko. Gernikan bertan, iragartze kanpaina eginen du, eta kanpoari begira galdeketaren berria zabalduko nazioartean daukan sarearen bitartez. Horren guztiaren berri aurkitzen ahalko da laster zabalduko duen www.gernika2008.org webgunean.
Nazioartearen zaintzapean
Hiru eratan bozkatzen ahalko da, betiko moduan horren kariparatuko dituzten bozkalekuetan, posta elektronikoz edo posta arruntaz. Ekimena gernikarrei zuzendua da, baina ekimena babestu nahi duten guztiek webgunean egiten ahalko dute. Gernikan soilik 16.000 herritarren botoa jaso nahi ditu, hau da, biztanleen erdiena.
Lokarrik argi utzi du galdeketa ez dela ofiziala, baina seriotasun osoz hartzen du. 70.000 euroko gastua aurreikusi du antolakuntzarako. Bestetik herri galdeketa begiratuko duen nazioarteko ikuskatzaileak bilduko dituen taldea osatuko du. Ekimena zaintzeaz gain, emaitzen balantzea eginen du. Azken horiek, biharamunean bertan argitaratuko dira.
Herri galdeketa
GALDERA«Komenigarria eta zilegi iruditzen zaizu herri kontsultak egitea, bake prozesua bultzatzeko eta bazterkeriarik gabeko elkarbizitza demokratikorako akordio demokratiko bat exijitzeko?»