Bakearen bidean, egia giltzarri

Egia ezinbestekoa da bake prozesuetan. Hori dela eta, hainbat herrialdetan egiaren komisioak sortu dituzte, ikerketak eta gertakarien gizarteratzea bultzatzeko.

Elizabeth Lira Kornfeld, ezkerrean, eta Jon Mirena Landa eskuinean, Miramar Jauregian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
inaut matauko rada
Donostia
2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Bake prozesuak etapa luzeak dira, arantzatsuak, eta, normalean, ez denen gustukoak. Historia liburuetan gerrek eta gatazkek hasiera eta amaiera data jakin batzuk izaten dituzte, baina horiek utzitako oinazeak sendatzeko urte gehiago behar izaten dira. Aditu askorentzat, bakearen eraikuntza prozesuan egia eta egiarako eskubidea beharrezko tresna dira, eta gai hori bera landu zuten joan den asteazken eta ostegunean Miramar jauregian, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetako batean.

Elizabeth Lira Kornfeld, Alberto Hurtado Unibertsitateko psikologoa, Pablo de Greiff, Nazio Batuen Erakundeko kontalari ohia, eta Jon Mirena Landa, EHUko legelaria, elkartu ziren osteguneko mahai inguru batean, bakoitzak gertutik bizi izan dituen gatazka eta bake prozesuei buruz hausnartzeko. Hego Amerikako Hego Konoko (Txile, Argentina, Uruguai) bizipenak ditu gertuko Lira Kornfeldek, Kolonbiakoak De Greiffek, eta Euskal Herrikoak Landak.

De Greiffen ustez, bake prozesuetan egia ezinbestekoa da: «Egia ezinbestekoa da justiziarako, erreparaziorako eta adiskidetzerako, baita prebentziorako eta gertatu zena berriro ez gertatzeko ere». Egiak, haren esanetan, «egitura kriminalen» desegiterako ere laguntzen du.

Egiaren komisioak

Nola sortzen da, baina, egia? Zertarako? De Grieffek dio egia «gertakarien ezagutza publikoa» dela; hau da, gatazka batean gertatutakoa gizarteratzea. Hain zuzen ere, hainbat herrialdetan egiaren komisioak martxan jarri dituzte; lehenik eta behin, ikertu gabe dauden eskubideen urraketak ikertzeko, eta, bigarrenik, gertatutakoaren kontakizuna gizarteratzeko, filtro ideologiko edo alderdikoirik gabe.

El Salvador, Hegoafrika, Argentina, Ekuador, Kolonbia, Txile eta Guatemalak, esaterako, egiaren komisioak dituzte, bakoitza bere izenarekin, eta herrialde horietan egon diren gatazka, gerra edo erregimen diktatorialetan gertatutakoak argitzea dute helburu. Hala definitu zituen Lira Kornfeldek: «Egiaren komisioen zentzua, laburtzeko, gatazka sortu zuten gertakariak berreraikitzea da, baita interpretazio historiko bat egitea ere. Praktikan, trantsizio prozesuek ebatzi dute biktimen aitortzaren eta erreparazioaren oinarri etikoan eraiki behar dela egia, abusuak baimendu zituzten baldintza estruktural eta instituzionalak identifikatuz».

Hala ere, Lira Kornfeldek gehitu du askotan ariketa zaila dela egia sortzea: «Testuinguru politiko gatazkatsuetan, egiak zailtasun handiak ditu partekatutako egia gisa sortzeko».

Euskal Herrian, baina, ez da egiaren komisiorik. Landaren arabera, Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean egon dira saiakerak, memoria legeen bidez, antzeko funtzioa beteko luketen komisioak sortzeko. Horiek, baina, justiziak atzera bota ditu, «konstituzioaren aurkakoak» zirela argudiatuz.

Landak dio Euskal Herriko gatazkan gertakari asko daudela oraindik ikertzeko, baina gehitu du «estatuko aparatuek parte hartu zuten biolentzia politikoaren» krimenak ETArenak baino gutxiago ikertu direla: «Estatuak ez du arazorik izan lehen partea [ETAren biktimak] aitortzeko, baina Poliziak eta estatuko aparatuek, uniformearekin edo gabe, egindakoa askoz gutxiago ikertzen da, eta ezerezean geratzen da».

Biktimen aitortzarako tresna bat sortzeko asmoa izan zuen lehen legea Nafarroako 2015eko lege bat da, baina Landak dio onartu eta gutxira inpugnatu zuela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Auzitegiaren arabera, legeak «epaileen lana egingo lukeen balorazio komisioak sortzeko aukera» jartzen zuen mahai gainean, eta horregatik egin zuten aurka: «Nafarroako legea konstituzioaren aurkakoa da, soilik zigor arloko epaileek ikertu baititzakete delitu egintzak», ebatzi zuen auzitegiak. Landarentzat, baina, hori ez da egia, poliziek eta kazetariek ere, esaterako, ikertu egiten dituztelako ustezko delituak. «Epaileek soilik zigorrak jartzeko ikertu dezakete; ezin dute beste helburu batzuekin ikertu», dio Landak.

«Zer dira parlamentuetako ikerketa komisioak? Ez al dira ikertzen parlamentuetan ustezko delitu egintzak? Bai, baina beste helburu batekin. Zer egingo du Espainiako Herriaren Defendatzaileak Elizaren abusuen biktimen inguruan? Ustezko delituak ikertuko ditu, baina ez du zigorrik jarriko», azaldu du.

Hori dela eta, legea inpugnatu eta urte gutxira bere burua zuzendu zuen Auzitegi Konstituzionalak, baina, hala ere, oraindik ez dago Euskal Herrian egiaren komisiorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.