«Bakearen kultura herriratzea» izango da orain Aralarren erronka

Hautagai berriek hartu dute lan hori egiteko ardura, «eliteen arteko akordioak bakerik ez duelako ekarriko»

Patxi Zabaleta Aralarko koordinatzaile nagusia, atzo, Donostian egin zuten ekitaldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Maiatzaren 22ko hauteskundeetarako motorrak berotzen hasi da Aralar, «inoiz baino indartsuago eta itxaropentsuago», konbentzituta dagoelako oraingoa dela «bakea lortzeko benetako aukera». Bake giro hori herritarrei zabaltzea izango da alderdi abertzalearen lana, «eliteen arteko akordio batek ez duelako bake iraunkorrik ekarriko». Konpromiso hori hartu dute Donostiako, Bilboko eta Gasteizko alkatetzarako zein hiru herrialdeetako batzar nagusietarako lehian ariko diren Aralarren hautagaiek ere. Eta hartutako konpromisoa hatz marka digital banarekin irudikatu zuten atzo eguerdian, Donostiako Viktoria Eugenia Antzokian egindako ekitaldian.

Hatz marka horiek keinu sinboliko bat baino gehiago direla azaldu zuen Patxi Zabaleta alderdiaren koordinatzaileak. «Hau da aukera, euskal herritarrek nahi dutelako, behar dutelako, eta nola egin behar duten badakitelako; malgutasunez eta tinkotasunez, konpromiso sendoa hartuta, baina bihotz itxurarekin». Izan ere, bi hatz marka digitalek osatzen duten bihotz bat da Aralarrek hauteskunde kanpainan erabiliko duen irudia, «hori izango da gure ikurra eta bermea».

Alderdiak hamar urteotan egin duen lana nabarmendu zuen, berriz, Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak, «gauden egoeran bagaude, Aralarrek egindako ekarpenagatik ere badelako». Ezenarroren hitzetan, ezker abertzalea ulertzeko beste modu bat emandio Aralarrek gizarteari. «Aniztasuna normal bizi, eta desberdinen arteko akordioak bilatu eta lortu ditugu; maximalismoak alde batera utzi, eta herritarren eguneroko arazoak eraginkortasunez konpondu ditugu». Orain, herritarren artean bakea egiteko garaia dela uste du Ezenarrok: «Bakearen kultura herrietara eramatea izango da gure hautetsien lana».

Hiriburuetako eta batzar nagusietako zerrenden buruan joango diren Aralarko hautagai gehienen izenak jakinak ziren aurretik ere. Baina ofizialki atzo aurkeztu zituen alderdiak. Alkatetzarako lehian, Felipe Guridi ariko da Bilbon, Ainhoa Beola Donostian eta Andres Landa Gasteizen. Batzar nagusietako zerrendaburu, berriz, Iosu Murgia izango da Bizkaian, Rebeka Ubera Gipuzkoan eta Iñaki Aldekoa Araban.

Aurkezpen ekitaldia Donostian izaki, datorren legealdirako asmoak azaltzeko aukera aprobetxatu zuen Beolak. «Badakigu nolako herriak, hiriak, herrialdeak nahi ditugun: ezkerrekoak, abertzaleak eta pluralak. Eta horretarako lanean jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala». «Mugikortasun iraunkorra» lehenetsiko duela adierazi zuen; gizon eta emakumeen berdintasuna bultzatuko duela; eta desberdinen arteko akordioak bilatuz bakegintzan sakonduko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.