"Bakerako aukera historikoa" dagoela diote AEBek

Bill Clintonek ongi-etorria egin dio ETAren erabakiari. Gerry Adamsek esan du "erabakigarria" dela erabakia eta Pierre Joxek geroago etorriko zela espero zuela. Brian Currin: "Hurrengo pausoa Espainiako eta Frantziako gobernuek eman behar dute. Ziur nago erantzungo dutela".

2011ko urriaren 21a
11:43
Entzun

AEBetako Gobernua ere mintzatu da gaur ETAk eman duen pausoaz eta bakerako aukera historikoa eskaintzen duela esan du. Hala ere, oraindik ibiltzeke bide luzea dagoela gaineratu du. Etxe Zuriak ETAren biktimak izan ditu gogoan, eta horien aurrean Espainiako Gobernuaren eta Espainiako herritarren "ausardia" nabarmendu du. 

Bill Clinton AEBetako presidente ohiak ere ongi-etorria egin dio ETAk atzo hartu zuen erabakiari. "Europako azken gatazka armatuak eragindakoei bizitza hobe bat izaten lagundu diezaieke", esan du prentsa ohar batean. Nazioarteko hainbat pertsona ezagunek eman du ETAren erabakiaz iritzia:

Brian Currin Nazioarteko Harremanetarako Taldearen bultzatzailea ere "oso pozik" agertu da ETAren erabakiaren berri izan ostean.  "Banituen itxaropenak aste honetan agiri bat egoteko, eta pozik nago hain bizkor etorri delako". Currinek esan du erabakiak NHTaren dinamika lagunduko duela

"Hurrengo pausoa Espainiako eta Frantziako gobernuek eman behar dute. Ziur nago erantzungo dutela. Hau bake deklarazio bat da eta ziur nago positiboki erantzungo dutela. ETAren agiria da hain zuzen Aieteko Konferentzian eskatu zena".

Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak"erabakigarritzat" jo du erabakia, eta astelehenean Aieten ezagutarazi zuten agiria ekarri du gogora. Adamsen iritzian, iragarpenarekin konferentziako eskaerei erantzun egin die ETAk, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei gatazkaren ondorio horien inguruan elkarrizketa zabaltzeko deia egin die.

Irlandako bake prozesuan bizitako esperientzietan oinarritu zen Adams etorkizuneko urratsen inguruan aholkua emateko: "Adiskidetzea bultzatzeko, biktimak aitortzeko eta haiei egindako kalteak onartzeko ahalegina egin behar da, norbanakoengan nahiz gizartean irekitako zauriak ixten joateko".

Pierre Joxek ere poztasuna agertu du: "Ez nuen uste, asteleheneko adierazpena egin eta hain azkar etorriko zenik agiria. Uste nuen denbora gehiago hartuko zuela, dosier horretan  hain gara zapuztuak izan. Uste dut ere, eta segur naiz, Kofi Annan Donostin izatea izugarri garrantzitsua izan dela”, adierazi du Joxek.

Jerzy Buzek Europako Legebiltzarreko presidentea ere pozik. "Ez dago indarkeriarentzako tokirik Europako Batasunean".

Mark Toner AEBetako Gobernuko bozeramailea: "Lehenago entzun ditugu mota honetako adierazpenak. Orain ikusi behar dugu ETAk zer asmo dituen eta iragarpena serio hartu behar dugun".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.