Bakerako eskubidea aldarrikatu dute, «gainontzekoen oinarri delako»

Bilbon aurkeztu dute ekimena, eta Nazio Batuen Erakundera eraman nahi dute, onar dezaten

Bilbo
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen Espainiako Elkartea 2006tik ari da bakerako giza eskubidearen adierazpen unibertsala osatzeko lanean. Elkarteko zuzendari eta abokatu Carlos Villan Duranek azaldu duenez, adierazpena gizarte zibilak osatua eta unibertsala izatea izan dute oinarri hasieratik. Horretarako, lau urtez lanean aritu dira giza eskubideetan adituak direnekin. Nazioarteko adierazpena osatu nahi dutenez, bost kontinenteetako adituen iritziak jaso dituzte, sentiberatasun eta kultura ezberdinetako iritziak. Ekarpen horiek bildu, eta liburu bat argitaratu berri dute.

Bake eskubidea nazioartean onartzea da Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen Espainiako Elkartearen nahia, estatuei ere eskubide hori onartzea exijitu ahal izateko. Helburu hori da liburua argitaratzeko eta proiektua aurrera eramateko arrazoia.

Villanek atzo Bilboko Abokatuen Bazkunean emandako prentsaurrekoan azaldu zuenaren arabera, «bakearen kultura berreskuratu behar da, ezinbestekoa baita gainerako giza eskubideak ziurtatuta egon daitezen».

Deklarazio unibertsala

Hurrengo pausoa bakerako giza eskubidearen deklarazio unibertsala osatzea izango da, Santiagoko kongresuan (Galizia). Hala, prozesuaren lehenengo faseari amaiera emango diote, hau da, gizarte zibileko ekarpenak jasotzeari. Alde horretatik, «mundu osoko gizarte zibilaren proiektua» dela azpimarratu nahi izan du Villanek, «iniziatiba kolektibo bat».

Nazioarteko kongresua abenduaren 9 eta 10ean egingo dute, Santiagon, gobernuz kanpoko 800 erakunderen atxikimenduarekin. Kongresua 2010 Foroaren barnean egingo da, munduko gizarte forotzat jotzen duten horretan, alegia.

Bakerako giza eskubidearen deklarazioa onartzeaz gain, eskubide horren babesa bermatuko duen nazioarteko behatokiaren estatutuak ere onartuko dira. Behatoki horrek beste funtzio bat ere izango du: kongresuan onartutakoa Nazio Batuen Erakundean (NBE) aurkez dadila, etorkizunean erakunde horrek bake eskubidearen inguruko deklarazio bat ontzat eman dezan. «Gure helburua, NBEk onartutakoa, Kongresuan borobilduko dugun horren antzekoa izatea da».

Zenbait gakotan oinarritzen da bakerako giza eskubidearen deklarazioa. Bakea definitzeko,elkarteko kideek ez dute soilik gatazka armatua dagoen edo ez kontuan hartzen. «Bortizkeria mota guztiek» eragiten dute bakerik ez izatea, baita egiturazko bortizkeriak ere. Horiek desoreka ekonomiko eta sozialek eragindakoak direla dio; goseak eta pobreziak sortutakoak, adibidez.

Kulturaren eraginez sortutako bortizkeriak desagerraraztearen alde ere egiten du deklarazioak. Adibidez, gizartean gizonak emakumearen aldean duen nagusitasunak eragindakoa. Baina badira beste batzuk ere: familiarteko bortizkeria, politikoa, lan mundukoa, eskoletakoa…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.