Eusko Jaurlaritzaren lan ildoak gidatzen dituzten printzipio nagusiei uko egin gabe, baina EAJren eskakizunetako batzuk onartuz lortu da adostasuna, nahiz eta EAJren beharrik ez duten izan plana onartzeko, Jaurlaritzak nabarmendu nahi izan duenez. Hala, Bakearen aldeko Hezkuntza Planaren oinarriak mantendu dira, baina horiei egungo Jaurlaritzaren jarduna gidatzen duten "printzipio nagusiak eta helburuak" gehitu zaizkie. Horixe azaldu du Patxi Lopez lehendakariak Jaurlaritzaren Kontseiluak plana onartu ondoren, Gernika-Lumon.
PSE-EEk PPren eta UPDren babesarekin onartu du plana, eta EAJk puntu batzuetan soilik babesten duela esan du, baina ez osotasunean. Hala ere, plana onartu aurretik alderdi politikoez gain, hezkuntza eragileen eta elkarteen "parte-hartze aktiboa" izan dute sozialistek, "desadostasunak bideratzeko". Lopezen arabera, "akordioak egitea izan da lehentasuna plana onartzeko egitarau zorrotza jarraitu den bitartean".
Ibarretxeren gobernuak egindakoaren "berrirakurketa eraikitzailea" da Lopezek azaldu duenez, eta berrirakurketa horren printzipio nagusietako bat "Euskadik bizi duen terrorismoaren arazoa erdigunean jartzea" izan da, bere ustez, "terrorismoarekin amaitzeko ez baita nahikoa terroristak atxilotzea; terrorismoaren jardunari zilegitasuna kendu behar zaio".
Testuak kontuan hartzen dituen biktimak eta haiek eskolara joateko aukera izan da planaren puntu labainkorrenetakoa, eta horri buruz esan du "biktimen lekukotzak sufrimentu injustua sozializatzeko baliabide egokia" direla: "Ez du zerikusirik biktimismoarekin edo amorrua islatzearekin; kontatzea beharrezkoa den eta sufritzen dugun errealitatearekin du zerikusia".
Sozialistek jarritako izena mantenduko du proiektuak, eta beraz, indarkeriari legitimazioa kentzea kontzeptuak izenburuan jarraituko du. EAJk ez ezik, Eskola Kontseiluak ere eskatu zuen hori desagertzea, apirila amaieran plazaratutako txostenean: "Termino horren esanahiak pentsarazi dezake aurretik legitimazio bat izan dela, eta hori, Kontseiluaren iritziz, ezin zaio hezkuntza sistemari leporatu".
EAJren desadostasunak planarekiko
EAJren desadostasun garrantzitsuenetako bat da testuak ez duela izaera integralik, uste duelako ezin direla sufrimendu batzuk beste batzuen gainetik jarri. Aldebakarreko ikuspegi horrek planaren beraren filosofiaren aurka egiten du EAJrentzat.
Jaurlaritzaren azken bertsioa hobetzeko modukoa da jeltzaleen ustez. Hainbat gabezia ikusten dizkio nahiz eta aurreko Jaurlaritzaren planaren filosofia hein batean berreskuratu. "Terrorismoaren deslegitimazioari indar gehiegi" ematen diola iruditzen zaio EAJri, hots, giza eskubideen defentsa oinarri duen ikuspuntuak indarra galdu duela.
Biktimei dagokienez, ETAk eragindakoez gain Biktimen Legeak jasotzen dituen gainontzekoak -ETA, GAL, AAA eta BVEren biktimak- aintzat hartzen dituen arren, "ezagutzera ematen ez diren baina arrazoi politikoengatik indarkeria jasaten duten beste batzuk" biktima gisa onartzeko aukera galdudela uste du. Torturak jasan dituztenak, esaterako, ez dituela aipatzen. "Berradiskidetzerako beharra" aipatzea ere ez dute onartu sozialistek.
Ontzat jotzen duen aldea, bestalde, ikastetxeen autonomia bermatzen duela da, eta ikasleak direla proiektuaren ardatza; ez biktimak. Plana bera eta biktimen testigantzak hezkuntza proiektuaren alde erabiliko direla uste du.
hezkuntza
Bakerako Hezkuntza Plana onartu du Jaurlaritzak, "hasierako oinarriei eutsita"
Ibarretxeren gobernuak egindakoaren "berrirakurketa eraikitzailea" da gaur Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako plana, Patxi Lopez lehendakariak azaldu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu