Bakeari eta elkarbizitzari buruzko lantaldea «hankamotz» sor daitekeela ohartarazi du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, «Eusko Legebiltzarrak, orain osatuta dagoen bezala, ez duelako gizartea ordezkatzen». Azpimarratu du «zentzuz jokatu» eta «gauzak hasieratik ondo» egin behar direla hori ez gertatzeko. «Herri honetan, esperientzia askotan ikusi dugu gauzak gaizki hasten direnean gero lan handia egin behar dela haiek bideratzeko».
EA ez dago batzorde txostengilea sortzearen kontra, baina ez zaio iruditzen eratzen ari diren modua egokia denik. Urizarrek onartu du berez legebiltzarkideek bakarrik har dezaketela parte lantaldeetan, baina gogora ekarri du haiek osatzeko hainbat formula daudela, eta modu horietako batzuek aukera ematen dutela legebiltzarkide ez direnek ere parte hartzeko. Hala, ezker abertzalearen ordezkaritza bermatzeko moduak badirela nabarmendu du, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. «Borondatea baldin badago, gaitasuna ere badago».
Aralarrek proposatu zuen lantalde hori sortzea, eta gogor lan egingo dute halaxe izan dadin eta «bazterketarik gabe» eratu dadin, Rebeca Ubera Aralarreko antolaketa idazkariak Donostian emandako prentsaurrekoan jakinarazi duenez. Hilaren 30ean eztabaidatuko dute mozioa, eta hura aurrera ateratzea, «barneratzailea» izatea eta «alderdi guztiak batzea» nahi du alderdi abertzaleak. «Aralar beti egon da bazterketarik gabeko elkarrizketen eta egitasmo barneratzaileen alde», esan du. «Izan ere, badakigu bazterketekin egiten diren egitasmoek ez dutela etorkizunik».
Eztabaida «absurdua»
Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruaren iritzian, berriz, «absurdua» da lantaldearen osaketaren inguruan sortu den eztabaida: «Batzorde txostengile bat legebiltzarreko lantalde bat da, talde parlamentarioek osatua». Hori sortu beharrekoa iruditzen zaio EAJko buruari, etanabarmendu du bere alderdiek lan egingo duela horretarako.
Nolanahi ere, Urkulluk salatu du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bere mesedetarako erabiltzen ari dela gai hau. «Aintzane Ezenarroren borondatea» erabiltzea egotzi dio lehendakariari, eta hori bere «ekimenik eza» ezkutatzeko egiten duela gaineratu du.
Lopezek egoera politiko honetan bete asmo dituen egitasmoen berri eman zuen aurreko ostegunean Legebiltzarrean, eta, gero, lantaldea sortzeko Aralarren proposamena eztabaidatu eta bozkatu zuten. Horregatik, Urkulluk salatu du Lopezek guztia bere egin nahi izan duela. Baina argi utzi du, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Lopezen hitzaldiari buruz ez zela bozketarik egin. «Erabilera interesatua egin du».
Jesus Loza Eusko Jaurlaritzako Elkarbizitzarako eta Memoriarako mandatari izendatu berriaren papera ere ez zaio egokia iruditzen Urkulluri. Lozaren beraren kontra ezer ez daukala esan du, baina bere kargua kritikatu du. «Lidergoa hartzeko lehendakaria dago, eta Lopezek lidergo hori bere egin behar du».
Gainera, gogora ekarri du Lopezek eta PSE-EEk izendatu zutela Loza kargu horretarako, eta salatu du ez duela gainerako legebiltzar taldeen oniritzirik bilatu eta lortu.
Bakerako lantaldea «hankamotz» sortuko dela ohartarazi du Urizarrek
«Bazterketarik gabeko» batzorde txostengilea sortzeko eginahala egingo du Aralarrek, Rebeka Uberak dioenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu