ARMAGABETZEA

Baketzearekiko konpromisoa adierazi dio Sortuk NHTari, baina "eszeptizismoa" azaldu du EAJk

Ideia hori adierazi diete Sorturen ordezkariek Brian Currin eta Alberto Spektorowski NHT Nazioarteko Harreman Taldeko kideei, bi aldeek Bilbon izandako bileran. Currin eta Spektorowski Jaurlaritza eta EAJrekin ere batzartu dira, armagabetze eta ETAren desegite prozesuen inguruan hitz egiteko.

Brian Currin eta Rufi Etxeberria elkarri bostekoa ematen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2015eko irailaren 23a
07:28
Entzun

Bilera izan dute Sortuko Pernando Barrenak, Rufi Etxeberriak eta Urko Aiartzak NHT Nazioarteko Harreman Taldeko kide Brian Currin eta Alberto Spektorowskirekin. Pernando Barrenak adierazitakoaren arabera, bi ideia nabarmendu dituzte Sortuko ordezkariek NHTko kideei bileran: alde batetik, Baigorrin izandako polizia operazioak ez duela “ezer” aldatzen, “behar politikoek atzo, gaur eta bihar berdinak izaten jarraitzen dutelako”. Bake prozesua egonkortzeko erabakiak, aldaketak espetxe politikan, biktimen inguruko “planteamendu sendo bat” eta armagabetzea aipatu ditu Barrenak behar horien artean. “Alde horretatik, polizia operazioa oztopoa baino ez da, eta galtzaile nagusiak euskal gizartea gara”, esan du.

Beste zenbait eragilek abenduko hauteskundeetan zer gertatzen den ikusi arte zain egotea proposatzen dutela jakinda, bigarren ideia nabarmendu nahi izan du Sortuko eledunak: “ezker abertzaleak bakearen alde egindako apustuak tinko jarraitzen du”, eta hauteskunde emaitzek edo beste edozein eragilek izan dezaken jarrerak ez dutela hori aldaraziko.

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariarekin ere bilera egin dute NHTko kideek. Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea EAJko buruzagiekin ere batzarra egin dute, Sabin Etxean. EAJk "eszeptizismoa" azaldu die NHTko kideei ezker abertzaleak bakea sendotzeko prozesua amaitzeko borondatearen aurrean.

Azken bisita, martxoan

Martxoan izan zen Euskal Herrian Currin. Bisita hartan BERRIAk eginiko elkarrizketan, Currinek adierazi zuen Espainiako Gorteetarako hauteskundeen zain egotea zela egin beharrekoa, eta itxaropentsu azaldu zen Frantziako Gobernuaren jarrerarekiko: "Ate bat zabaltzea espero dugu, gutxienez euskal presoen itzulerari buruz". Lokarriren desegitearen harira eginiko bisita izan zen martxokoa.

Iazko urrian, Aieteko Konferentziaren hirugarren urtemugaren harira eginiko ekitaldi batean parte hartu zuen Currinek, eta bertan esan zuen "bide onetik" zihoala konponbide prozesua; "urrats garrantzitsuak" egin direla; egin duela ETAk, egin dutela presoek, eta egin duela euskal gizarteak, oro har.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.