Ugaitz Agirre. Historian doktoregaia

«Bakoitzak zer eskaintzen duen eta zer har dezakegun ikusi nahi dut»

BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Euskal musika kontrakulturaren ikuspegitik ikertzen ari da Ugaitz Agirre. «Bereziki protesta kantuak lirateke, 1961etik 1990eko hamarkada hasiera artekoak», azaldu du, baina Ikergazterako Korrikako abestien bilakaera aztertzen duen lana aurkeztu du bereziki. Hitzak eta musika, biak landu ditu. «Korrikaren kasuan, urterik urtera hitzak ez dira asko aldatu, baina musika, bai. Musikak ere identitate bat definitzen du. Ez da berdin Mikel Laboak Haika mutil jotzea edo gero Su ta Garrek egin zuen bertsioa, nahiz eta hitz berberekin ari garen. Garaia aldatu da, eta estiloa ere bai». Urteetan izandako aldaketak eta ageri diren joerak ikertu nahi izan ditu.

Orain dela urtebete lortu zuen lekua EHUko Garaiko Historia Sailean doktoretza tesia egiteko, eta Mikel Laboa katedraren beka emanen dioten ala ez esperoan da oraingoz. Argi du beka lortuko balu eguneroko baldintzak asko aldatuko litzaizkiokeela. «Oraintxe, batzuetan lan batzuk hartu, besteak ikerketarekin uztartu, ez dut asko aurrera egiten. Behintzat, horrekin %100ean dedikatu ahalko nintzateke ikerketa lan honetara. Oso ondo etorriko litzaidakeen laguntza ekonomiko bat litzateke», azpimarratu du. Noizean behin kolaborazio lanak egiten baditu ere, gaur egun «etxeko sostengua» da Agirreren laguntzarik handiena. «Ikerlari prekario» gisa definitzen du bere burua. «Beste lanetan pasatzen duzun denbora ez duzu ikerketan pasatzen».

Beste ikerlariekin elkartu eta normalean ikusten ez dituen sailak ezagutzea du helburu Ikergazte kongresuan. «Bakoitzak zer eskaintzen duen eta zer har dezakegun ikusi nahi dut. Harremanak egiteko eta sendotzeko balio du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.