Ostegunean hasiko da DM3 eta Askatasunaren aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Eleak mugimenduak deituta, 1.200 lagunek eramandako piezekin, Novecento filmaren koadroa osatu zuten atzo Donostiako Bulebarrean, auzipetuei babesa erakusteko. «Pieza txikiekin koadro handi bat osatu dugu. Gutako bakoitzaren lan txikia beharrezkoa da herriz herri harresi sendoak osatzeko», adierazi zuten antolatzaileek. «Oraindik zatiak sakabanatuta dauzkan baina eskubide zibil eta politiko guztiak aitortuko dituen esparru demokratikoaren puzzlea osatu behar dugu guztion artean».
Ia bi orduko ekitaldia izan zen. Bertsolariek, abeslariek eta dantzariek girotuta, pixkanaka joan ziren piezak itsasten. Besteak beste, ezker abertzaleko, EAko, Alternatibako, Aralarreko, EILASeko eta EHNEko ordezkariak bertaratu ziren. Fiskalak 7 eta 9 urteko espetxe zigor eskaerak egin ditu hamahiru auzipetuentzat, talde armatuko kide izatea egotzita. «Berriro ere dena da ETA leloa erabiliko dute haien aurka». Eleak-eko kideen esanetan, ordea, «euren eskubideak erabiltzeagatik soilik» epaituko dituzte. Gogoratu dute D3M-k eta Askatasunak ezkerreko ikuspegitik esparru independentista bultzatzea, alderdien debekuek sortutako hutsunea beteko zuen proiektua defendatzea eta herritarrei botoa emateko aukera eskaintzea nahi zutela.
Gizartearen gehiengoak garai zaharrak gainditu eta aurrera begiratzeko apustua egin arren, estatuek, botere judizialek eta polizialek lehengoan jarraitzen dutela salatu zuten. «Dena da ETA leloaren ondorio lazgarriek indarrean segitzen dute. Oraindik hainbat euskal herritar daude kartzelan militantzia politiko hutsagatik, eta beste hainbat daude Auzitegi Nazionalean epaitzeko zain».
Larunbatean, manifestazioa
«Estatuek entzungor egiten jarraitzen badute ere», orain arteko bidetik jarraitzeko deia egin zuen Eleak-ek, eta hiru eskaera plazaratu zituen: dagozkien eskubide zibil eta politikoak praktikatzeagatik auzipetu dituzten guztiak askatzeko; azken hamar urteetan legez kanpo utzitako erakunde sozial eta politiko guztiak legeztatzeko; eta, azkenik, eskubide zibil eta politikoak urratzen dituzten salbuespenezko legeak baliogabetzeko.
Datorren larunbaterako ere manifestazioa antolatu du mugimenduak, eta parte hartzeko deia egin du. Bilbon izango da, Eskubide guztiak proiektu guztientzat lelopean. «Novecento-ko gizon-emakumeen erabakitasun berarekin, beste pauso bat eman behar dugu aurrera. Eskubideak eskuratu egiten dira, berreskura ditzagun gureak». Epaiketaren harira, protesta gehiago ere izango dira datozen egunetan.
Bakoitzaren lan txikiarekin harresi sendoa osatzeko deia
Eleak-ek salatu du berriz ere 'dena da ETA' leloa erabiliko dutela Askatasunaren eta D3Mren epaiketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu