Sorturen legeztatzea

Baldintza bereziak Sorturentzat

Epaiak dio ezin dela frogatu Batasunak eta ETAk Sortu beraiei komeni zaien eran erabili nahi duten edo ez eta alderdia legezko delaBeste inori ez bezala, baldintzak jarri dizkio legezko izaten jarraitu nahi badu

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Sortu legezko alderdia dela, Espainiako Auzitegi Gorenak «Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasunaren jarraipena» zela ebatzi zuenean oker zegoela eta, beraz, hari Espainiako Barne Ministerioan erregistratzen utzi egin behar zaiola dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzo kaleratutako epaian. «Ezin da frogatutzat eman ETAk eta Batasunak iruzur egin eta Sortu instrumentalizatu dutela». Hala ere, ez da erabat fio ezker abertzalearen alderdi berriarekin, eta Sorturi beste inori ez bezalako baldintzak jarri dizkio legezko izaten segitzeko, «legez kanporatzea saihesteko ahaleginetan pilatutako esperientzia ikusita». Epaiak dio Sortu legez kanpo uzteko arrazoirik ez dagoela, baina gogora ekartzen du geroago agertuko balira zuzenbide estatuak badituela tresnak erabakia zuzentzeko.

Atzo kaleratu zuen epaia Konstituzionalak. Legeztatzearen alde sei magistratuk sinatutako epaia eta Sortu legez kanpo uztearen alde hiruk sinatutako boto partikularra egin zituen publiko.Bi testu egon arren, auzitegiko iturrien arabera, magistratu guztiak ados jarri ziren Sorturi baldintzak jartzeko orduan. Orain arte aurreneko aldia da.

Baldintzekin bada ere, Konstituzionalak arrazoia ematen dio Iñigo Iruin defentsako abokatuari, Sortu legez kanpo utzitakoan hura erregistratzera joan zirenen «alderdi politikoak sortzeko eskubidea» urratu zela esan zuenean. Askatasun ideologikoa eta adierazpen askatasuna urratu zirela ere azaldu zuen Iruinek.

Konstituzionalak dio, Sortu legez kanpoko alderdien jarraipena den edo ez erabakitzeko, alderdiaren estatutuak aztertu behar direla batez ere, eta baita alderdiaren sustatzaileen ekintzak ere —aurkezpeneko prentsaurrekoak dira, funtsean—. Izan ere, alderdia ez denez erregistratu ez du beste ekitaldirik egin. Legez kanpo utzitako alderdiek alderdi berriaren sorreraren inguruan izandako jarrera ere aztertu behar dela dio.

Hala, estatutuak eta agerraldiak aztertuta, dio «egiaztatuta» dagoela «indarkeria terroristaren kondena». Eta, gainera, gogora ekartzen du kondena hori nahikoa dela gainerako elementuak«indargabetzeko». Batasuna legez kanpo uzteko Konstituzionalak berak kaleratutako epaia gogora ekarri dute magistratuek, argudio hori indartzeko —han zehazten zuten, besteak beste, kondena «kontrazantzua» dela—.

Epaiak geroago jasotzen du «iruzurraren hipotesiaren inguruan» berretsi egin behar dela estatutu eta adierazpenetako «kondena sendoa». Sortuk «bide politiko eta demokratikoen alde soilik» egiten duela estatutuetan, «sendo». Eta, gainera, «haustura» agertzen duela «legez kanpo utzitako erakundeekin eta ereduekin».

Bestalde, boto partikularrek diote, Auzitegi Gorenak baliatutako frogak aztertuta, Sortu legeztatzeko epaia sinatu duten magistratuek beren funtziotik haratago joan direla. «Jurisdikzio aginteek gehiegikeria egin dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.