Sorturen legeztatze prozesua

Baliogabetze auzia, babes helegitearen aurretik

Auzitegi Konstituzionalera jo aurretik, baliogabetze auzi bat aurkeztea aztertuko du defentsak

Pello Urzelai.
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak aldeei Sorturi buruzko erabakia jakinarazi ondoren, helegitea jartzeko bidea ireki da. Autoaren kontrako ohiko helegitea babes helegite bat izango litzateke, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi beharko luke. Baina Auzitegi Konstituzionalaren legea 2007an erreformatu zenetik,aukera dago baliogabetze auzi bat aurkezteko, eta aukera hori aprobetxatu behar luke defentsak babes helegitea aurkeztu aurretik.

Auzitegi Konstituzionalaren legea erreformatuz geroztik, zailagoa da babes helegite bat aurkeztea. Horregatik, babes helegitea aurkeztu aurretik, ohiko jurisdikzioa agortu beharra ezarri zen, eta, horretarako, beharrezkoa da baliogabetze auzi bat jartzea auzitegi Konstituzionalarengana jo aurretik. Baliogabetze auzi hori Auzitegi Gorenean bertan aurkeztu beharko luke Sorturen defentsak, oinarrizko eskubideak ustez urratu dituen ebazpena eman duen auzitegian bertan. Aginte Judizialaren Lege Organikoaren 241.1 artikuluaren arabera, «auzi hau aztertzeko eskuduntza izango du ebazpena eman duen epaitegi edo auzitegi bera. Baliogabetzea eskatzeko epea 20 egunekoa izango da, ebazpenaren jakinarazpenetik edo babesik eza eragin duen huts egitearen berri izan denetik».

Sorturen defentsak, atzo jakinarazitako autoa eta boto partikularra sakon aztertu ondoren, baloratuko du baliogabetze auzia aurkezteko aukera, era horretara ohiko jurisdikzioaren bidea erabat agortzeko eta, baliogabetzeko eskaera ez bada onartzen, prozedura berme guztiekin joan ahal izateko Konstituzionalera.

Pauso juridiko hauek kontuan hartuta, litekeena da Sorturi buruzko azken erabakia hauteskunde prozesutik kanpo gelditzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.