Baliteke urte amaierarako adierazpen bat egitea ETAk, eta desarmatzearen hasieran berri ematea. Hala argitaratu du gaur Efe berri agentziak, "prozesuaren berri duten" iturriak aipatuta. Horien arabera, baliteke ETAk armak entregatzeko prozesu bat abiatzea, prozesu hori "motela" izatea eta nazioarteko erakunde baten ikuskaritzapean egitea.
Informazio horren arabera, erakundeak dituen armak eta lehergailuak zerrendatuko lituzke, baina ez luke azalduko nola eta noiz emango lituzkeen lehen armak. Iragarri dutenez, ETAk ez luke Espainiako Gobernuarekin hitz egingo armak nola eman, bide hori "itxitzat" jota. Ezta euskal erakundeekin ere, nazioarteko erakunde "independente" batekin baizik.
Albistea argitaratu eta denbora gutxira, "pazientzia" eskatu du Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak Twitter sare sozialean idatzitako mezu batean. "ETAren desarmatzeari buruzko albisteen inguruan, pazientzia gomendatzen dut. Ondo egin beharra dago, eta bere denbora behar du", idatzi du.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, berriz, "berdin" dio zein erakundek ikuskatzen duen ETAren balizko desarmatze bat armak emate hori "egiaztagarria" bada. Hala ere, ez du "espekulazioetan" sartu nahi izan.
PSEko Antolakuntza idazkari Rodolfo Aresek, berriz, esan du soilik "ekintzek" balio dutela eta "axola duen erabakia" ETA desegitearena dela: "PSEk ez du iragarpenen edo asmoen baloraziorik egiten, ekintzenak baizik".